Herri txiki, Infernu Handi
Umorea ETB1en
Ereñotzu, 22:00etan, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n
EITB
Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Land Rover batean iritsiko dira Hernaniko toki entitate txiki honetara.
Igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan Ereñotzura (Gipuzkoa) joango dira Zuhaitz eta Pagadi. Toki berezira joango dira inondik ere; Ereñotzu, Hernaniko tokiko entitate txikia baita, estatus bereziko auzoa. Bertako baso bideetan Land Rover batean aurrera eginda iritsiko dira.
Zuhaitzek Kandi ezagutuz hasiko du eguna. Kandik egunero entzuten du meza Arrate irratian. Gertatzen dena da irratiaren seinalea ez dela beti ongi iristen, eguraldiaren arabera hobeto edo txarrago iristen baita. Zuhaitzek sintonizatze lanetan lagundu, eta bide batez, Kandiren kroketak dastatuko ditu. Nekaneren eskutik Atsolorra zer den ikasiko du gero. Atsolorra antzinako Euskal Herriko jaiotza errituala da, Ereñotzuko emakumeek ondo gogoan dutena. Amak, erditu ondoren, bere etxera gonbidatzen zituen auzoko emakumeak umea aurkezteko. Eta, bertaratzen zirenek, beharrezko laguntza guztia eskaintzen zioten amari. Ereñotzun, bestalde, izen bereko baserria dago; auzoari izena eta izaera ematen dion etxea hain zuzen ere. Bertan bizi da Nekane, eta Zuhaitzi erakutsiko dizkio bertako bitxikeria guztiak. Izan ere, erromerien pareko jaialdiak egiten ziren garai batean Ereñotzu baserrian. Azkenik, Izaskun ezagutuko du Zuhaitzek. Izaskun Asterix eta Obelixen tankerako etxea ari da eraikitzen Ereñotzun. Zuhaitz bertako bitxikeria guztien lekuko izango da.
Pagadik, bestalde, galduta hasiko du eguna. Eskerrak Florian aurkituko duen bidean eta non dagoen adieraziko dion. Florianek erakutsiko dio Haurra galdu zen harrian dagoela. Toponimo berezi horrek ezkutatzen dituen bitxikeria guztiak kontatuko dizkio Florianek. Bitxikeriekin segituta, Mikeli ezagutuko du Pagadik. Mikelik oilandak hazten ditu haragitarako, eta horiek osasuntsu hazi daitezen, infusioa prestatzen die. Zer eta nolako infusioa prestatzen ote die Mikelik bere oilandei? Bidean aurrera segituta, Benito ezagutuko du. Benitok makina bat komeria pasatu zituen soldaduska Saharan egin zuenean. Besteak beste, kamioietako deposituetan gorde behar izaten zituen kontserba potoak, goseari aurre egin ahal izateko. Azkenik, Antonio ezagutuko du Pagadik. Antonio 94 urteko ereñotzuarra da eta izugarri maite du puzzleak egitea. Etxean dimentsio handiko puzzle andana du. 10.000 eta 8.000 piezako puzzleak ditu, besteak beste, eta horiek bukatzeko teknikak erautsiko dizkio Pagadiri.
'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur izango da ikusgai 22:00etatik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.
us-en.