Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

"Herri Txiki, Infernu Handi" saioa Lemoan izango da igandean

EiTB

Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Lemoako herritarrak ezagutuko dituzte.

0:25
Lemoako bi herritar, 'Herri txiki, infernu handi' saioan.

Igandeko "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan, Zuhaitzek eta Pagadik Bizkaia aldean egingo dute egun-pasa. Lemoako herritarrak ezagutuko dituzte, zein baino zein bitxiagoak.

Pagadik Lemoako historiaren inguruko jakin-mina aseko du Urko Garamendiren laguntzari esker. Xehetasun handiz kontatuko dizkio zementu fabrikaren garrantzia eta garai bateko erromatarren pasarteak. Segidan, Julen Mendieta 64 urteko aizkolari nekaezinak entrenatzen jarriko du Amasa-Villabonako aurkezlea. Lemoarraren agerraldi publikoaz ere hitz egingo dute, Danone markako mamia iragarri baitzuen. Ez du hozteko denbora askorik izango; izan ere, hurrengo gonbidatuak, Txarisek, eskalatzen irakatsiko dio. Eta edari bat dastatzeko abagunea ere izango dute, indarrak hartzeko: Lartaguzti izeneko sagardoa. Etxera bidean topatuko du Txiki, "kolesterolaren ibilbidea" egiten. Hala ere, etxera iristean, kolesterolarentzat oso komenigarria ez den hamaiketakoa egingo dute.

Tom eta Jerry izeneko antzara parea gobernatzen saiatuko da Zuhaitz Gurrutxaga, betiere, Mari Nieves lemoarraren aginduei jarraituz. Lemoako krispetarik onenak probatu aurretik, animaliak erakartzeko dauzkan aparteko moduak ere irakatsiko dizkio. Mendi aldetik herriko karriketara jaitsiko da Zuhaitz, Jesus eta Juanita senar-emazteak ezagutzeko asmotan. 50 urtetik gora daramatzate elkarrekin, eta elkar nola ezagutu zuten esplikatuko diote Zuhaitzi. Ustekabean, Lemoako pertsonarik zaharrena topatuko du paseoan: Pedro Amorrortu. 96 urteko artistak bere gelako horma zurian margotzen dituen artelanak erakutsiko dizkio. Zuhaitz margotzen ausartuko da, eta espero ez duen emaitza lortuko du. Lemoako bisita bukatze aldera, Ishak pakistandarraren etxera igoko da Gurrutxaga. Pakistango gosari tipikoa egiteaz gain, Ishakek azalduko dio Alex Txikoni esker iritsi zela Lemoara, mendiko espedizio batean elkar ezagutu ostean.

"Herri Txiki, Infernu Handi" igande honetan izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.