Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Donemiliaga, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan
EiTB
Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Arabako udalerria eta bertoko auzokideen istorioak ezagutuko dituzte.
Gaur, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan, Donemiliaga ezagutuko dute Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik. Hamabost herriz osaturiko Arabako udalerria da Donemiliaga: Adana, Axpuru, Bikuña, Durruma, Egilatz, Erdoña, Galarreta, Luzuriaga, Mezkia, Munain, Narbaxa, Okariz, Txintxetru, Uribarri Jauregi eta Zuhatzu Donemiliaga.
Eguna hasteko, Pagadik Erika topatuko du, udalerriko alkatea. Herriak hain sakabanatuta egotearen ondorioz, Donemiliagak dituen bitxikeriaz arituko da berarekin, eta Euskal Herrian hain ezaguna den Juan Díaz de Garayo Sakamantekas-en berri ere emango dio: hainbat belaunalditako haurrak izutzeko erabili izan den mitoa Egilatzen jaio zen. Galarretan, Eñautekin topo egin, eta Euskal Herriko paintball handienetakoan arituko da. Bertan, "bataioa" egin, eta estresa kenduko du Pagadik. Durruman, autoan doala ikusiko du Itziar, Donemiliagako liburuzaina. Liburutegiak badu berezitasun bat: liburutegi "ibiltaria" da, eta nola funtzionatzen duen azalduko dio Pagadiri. Amaitzeko, Adanara joango da, eta etxe aurrean aurkituko du Joseba. Langile fina da, eta bere eguneroko lanean jarriko du Pagadi.
Zuhaitzek, berriz, Mikel ezagutuko du. Hondarribitik Zuhatzu Donemiliagara joan da bizitzera. Ongi hartu dute bertan, baina zeren falta sumatzen duen azalduko dio. Bestalde, Luzuriagan mural deigarri bat ikusiko du Ainhoarekin. Udalaren proiektu bat da, eta, egun, 15 herrietatik 10etan herritarrek margotutako muralak daude. Izandako esperientzia azalduko du Ainhoak. Ondoren, Narbaxara joango da Zuhaitz, eta Mertxe ikusiko du kanpandorrean. Jaietako pertsonaiak ezagutuko ditu bertan: Semental eta Mari Narbaiza. Dorretik jaitsi aurretik, kanpaiak joko ditu Mertxek, elizara joateko deia baita. Bukatzeko, Durrumako Unai eta Enekorekin egongo da, anaia kirolari parrandazaleak. Pilotan asko ibilitakoak dira, Durrumako jaietan kirol apustua egiten dute, eta boloetan ere ibiltzen dira batzuetan.
"Herri Txiki, Infernu Handi" gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.