Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Iruñeko Txantrea auzoan izango da gaur "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa

EiTB

Asier Urzay, Gomi, Ainhoa Juaniz, Pedro Amorrortu, Birjine, Erkuden Txokarro, Ramontxo eta Julen Aldaz izango dituzte bidelagun Zuhaitz eta Pagadik.

0:28
Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi

Zuhaitzek eta Pagadik nortasun handiko auzo bat ezagutuko dute gaur gauean "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan: Txantrea

Pagadik ezin izaten du saioa tokian tokiko historia jakin gabe hasi. Horretan lagunduko dio Asier Urzay auzotarrak. Txantrearen jatorriaz ariko dira, langile auzoko lehen etxebizitzaren parean. Badira historikoki giltzarri izan diren arnasgune batzuk auzoan: adibiderik nabarmenena Zazpi denda da. Bertako langilea da Gomi, hizkuntza gutxituekiko sentsibilitate handia duen auzotarra. Euskaraz eta katalanez daki, eta, horrez gain, aragoieraz ere bikain moldatzen dela erakutsiko dio Pagadiri. Ainhoa Juaniz pailazoak trantze zailean jarriko du villabonatarra, acroport mugimenduak praktikatzen jarriko baitu. Gainera, auzotarrak zirkuari eta antzerkiari lotutako ibilbide bitxia kontatuko dio. Pagadik ariketa gehiago eginez emango dio segida abenturari, Pedro Amorrortu muskiztarraren laguntzarekin. Jubilatuen parkean entrenamendua egin ostean, nafarrak xakean jokatzeko modu xelebre bat erakutsiko dio. 

Zuhaitzek mami handiko historia ezagutuko du, Birjineren aldetik. Izan ere, Hertzainak taldeari esker hasi zen euskara ikasten, eta, gaur-gaurkoz, ezin du taldearen abestirik entzun, hunkitu egiten baita. Hurrengo gonbidatua ziztu bizian doala ikusiko du Zuhaitzek. Erkuden Txokarrok Ehlers-Danlos-en sindromea du, eta duela 5 urte bizimodua goitik behera aldatu zitzaion, gurpil aulkian jarri behar izan baitzuen. Erkudenen testigantza entzun ostean, Zuhaitzek Txantrea Herri Kirol taldeko entrenatzailea ezagutuko du: Ramontxo. Lehen aldiz hartuko du parte Txantreako taldeak Munduko Sokatira Txapelketan. Ramontxok tiraldien aurretik zer ohitura dituen kontatuko dio: esaterako, solomo ogitartekoa jatea. Azkenik, Txantreako jaien berezitasunak deskubrituko ditu, Julen Aldaz gaztearen eskutik. Bien artean festetako suziria botako dute, baina ez edozein tokitatik, etxebizitza arrunt bateko balkoitik baizik. 

"Herri Txiki, Infernu Handi" saioa 22:00etan izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.