Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Areson ekingo diote "Herri txiki, infernu handi"ren denboraldi berriari gaur gauean
EiTB
Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak Aresoko herritarrekin bizitako uneak ikusiko ditugu zazpigarren denboraldiko lehen atalean.
Areson hasiko dute Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik "Herri txiki, infernu handi" saioaren denboraldi berria, gaur, irailak 13. Zazpigarren denboraldia dute aurtengoa eta Euskal Herriko txokoak ezagutzen jarraituko dute. Areso izango da saioak urte hauetan bisitatuko duten 148. herria.
Hasteko, Zuhaitzek Patxi ezagutuko du. 86 urte ditu Patxik eta goizeko lanak egin berritan gosaltzera gonbidatuko du Zuhaitz. Patxi beti ibiltzen da zapela buruan, udan batekin eta neguan beste batekin. Gaupasa bakarra egindakoa da, mostoa edanaz, eta gehiagotan egin ez duela dio. Herriko sarreran, etxe atarian, hainbat aulki ikusiko ditu Zuhaitzek, eta han eserita aurkituko du Kontxi. Egunero, uda zein negu, bertan egoten da. Herritarrak ere paseoan doazela hantxe geratzen dira kontu kontari. Ondoren, zelai batean, lasai ederrean eguzkia hartzen, Josetxorekin egingo du topo. Kolore beltzarana du Josetxok, eguzkia hartzea gustuko baitu. Eguzkia hartu aurretik azala prestatu beharra dagoenez, bere sekretuak azalduko dizkigu. Gerora, Juana Mari topatuko du Zuhaitzek kalean barrena ibiltzen doala. Egunero 30 minutuz aritzen da herrian barrena, borondatez kontra bada ere. Zuhaitzekin batera, Aresoko Dolomitara igoko da.
Pagadik, berriz, Javi Caballerorekin kafea hartzen hasiko du eguna. Kafezale amorratua da Javi eta kafe mota ezberdinen ezaugarriak azalduko dizkigu. Motozerra eskuan, Javier Atxukarrok egurrarekin egiten dituen figurak erakutsiko dizkigu, eta, kafe bat hartu bitartean, soldaduska garaiko kontuez ariko dira. Gero, Pagadik Jon topatuko du bizikleta gainean. Egunero joaten da 3-4 orduko buelta egitera eta horren ondoren hankak erlaxatzeko txokoa erakutsiko dio Pagadiri. Bukatzeko, zuhaitz bati lotutako sokari tiraka daudela ezagutuko ditu Aresoko Sokatira taldeko kideak. Sari asko irabazitakoak dira, eta garaiko sekretu eta teknikak erakutsiko dizkiote Pagadiri.
Historia hauek eta gehiago gaur izango dira ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.