Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

21:00etan

Anoeta bisitatuko du gaur "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak

EITB

Tolosaldean egingo dute bisita aste honetan Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak, Anoetan. Bertako bizilagunak eta haien istoriorik bitxienak ezagutuko dituzte.

0:27
Zuhaitz eta Pagadi Anoetan

Tolosaldean murgilduko da gaur "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa, eta Anoetako bizilagunak ezagutuko dituzte Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak.

Pagadik Koldorekin topo egingo du herriko plazan. Kukuak deitzen diete anoetarrei, eta herrian oso presente dago animalia hori, elkarte, armarri eta, nola ez, jaietan ere. Juan Karlos topatuko du kale bazterrean, kazuela sutan duela. Pilotak eta grabatuak egiten ditu, biak lokal berean. Bertako sekretuak erakutsiko dizkio. Rock musika entzun eta Cheyenne tabernara sartuko da Pagadi. Bertako langilea da Mikel, eta tabernako berezitasunak azalduko dizkio. Motorzale asko ibiltzen den taberna da, rock musika da nagusi, eta bertako berezitasuna, honakoa: Cheyenne Bocadillo. Haragi-bola ogitartekoa, patatekin eta garagardo eder batekin. Hura amaitzen saiatuko da Pagadi. Inaxio, berriz, egur mordoa mugitzen ari den bitartean topatuko du, eta lan eta lan jarriko du Pagadi egurra zatitzen. Ondoren limoi ura hartuko dute. Zukutu berri odola garbitzen omen du eta denerako ona omen da, edo hala dio Inaxiok behintzat.

Zuhaitzek Agustinarekin hasiko du eguna. Herri erdian bizi da, eta gustura gainera. Gauzak ahaztu egiten zaizkiola esaten du Agustinak, burua beteta duelako izango dela. Egunero jotzen ditu elizako kanpaiak, 12:00etan. Beste batzuetan, 12:05ean izaten dira. Paseoan Maite ikusiko du Zuhaitzek, etxeko terrazan, hantxe ibiltzen baita bueltaka. Beheko dendan urtetan lanean ibili da, eta bertara etortzen den jendearekin kuxkuxean aritzen da. Denboraldi txarra pasatu du azken aldian Maitek, baina umorea ez du sekula galdu, eta hori garrantzitsua dela esaten du. Karrozaria da Miguel. Bere lantegiak Etxe Zuria dirudiela esaten diote lankideek, telefonoa etengabe jo eta jo egoten delako. Bere zaletasuna erakutsi dio Zuhaitzi, eta kolesterola eta azido urikoa gainditzeko erremedioa: baratxuria. Bukatzeko, Amaia eta Agurtzane bikiak ezagutuko ditu. Gustu berberak dituzte, elkarrekin bizi dira eta elkarrekin lan egiten dute.

Historia horiek eta gehiago igande honetan izango dira ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan.