Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

"Herri Txiki, Infernu Handi" gaur itzuliko da EITBra

EITB Media

Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi bueltan dira, eta Orio ezagutuko dute itzulerako atal berrian.

0:30
Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi. (EITB Media)

ETB1eko "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa gaur itzuliko da, atal berriekin. Hilabete hauetako etenaldiaren ostean, berriz ere bueltan dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi. Martxoaren 21eko saioan Oriora egingo dute bisita.

Hala, audientzia datu bikainak lortzen dituen  "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak denboral di berriari ekingo dio. Aurreko denboraldian, 15 ataletan, % 4,6ko batez besteko sharea eskuratu zuen saioak, eta liderra izan zen euskaldunen artean, % 11,2ko audientzia-zatiarekin. Denboraldian, 118.000 ikus-entzuleko batez besteko audientzia-metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Oriora bisita

Eusebiok egingo dio harrera Mikel Pagadiri Orion. Manuel Lasarte bertsolaria zenaren semearen pasioetako bat abestea da eta, besteak beste, "Laxarte mi cantare" abesti italiar baten bertsioa kantatuko du Pagadirekin batera.

Elizaren aterpean, bisita kantari hasi ostean, herriko emakumerik dotoreenetako batekin egingo du topo Pagadik: Mari Carmenekin. Mari Carmenek herrian barna ibiltzeko bidea ilearen arabera aukeratzen du: ile-apaindegitik atera berritan jendea dabilen kaletik, bestela inor ez dabilen goiko kaletik.

Orioko erdigunetik aldenduta, Katxiñarekin elkartuko da, eta honek bere resort-a erakutsiko dio: gosaltzeko self-service-a, igerilekua, lo egiteko tokia, komun magikoa… denetarik du bertan.

Bukatzeko, kirola egiten amaituko du Pagadik Orioko bisita. Izan ere, Aitor gazteak eskailerak korrika igo eta kronometratzeko desafioa botako dio. Bere garaian, Benito Lertxundik lortu zuen denborarik onena. Pagadik eta Larraxak marka hobetuko al dute?

Zuhaitz Gurrutxaga ere Orion barrena ibiliko da, eta Ixaren baserrian hasiko du eguna. Baserri berezia da, eta baita birtuala ere; bertan lan egiteko tableta besterik ez du behar.

Ondoren, nekazaritza giroa albo batera utzi eta itsas munduan murgilduko da Zuhaitz. Dibinarekin arrantza kontuez hitz egin eta itsas giroko hamaiketako ederra egingo dute elkarrekin. Orio herri arraunlaria denez, Ana eta Marisa ahizpek erakutsiko diote Zuhaitzi zer den benetako zale amorratuak izatea. Oriok Kontxako Bandera irabazi zuen azken urteko estropada ikusiko dute elkarrekin, ikusten duten lehenengo aldia izango balitz bezala. Amaitzeko, Pello Luxarbek, hondartza inguruan, zaldian paseo bat ematera eramango du Zuhaitz.

"Herri Txiki, Infernu Handi" saioaren atal berriak, gaurtik aurrera, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.