Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:30ean

Ibarran izango dira Zuhaitz eta Pagadi, gaur, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan

EITB Media

Piperrengatik ezaguna den Gipuzkoako Tolosaldeako herri honetako bitxikeriak ezagutuko ditugu gaur gauean.

0:29
Mikel Pagadi Ibarran

Zortzigarren denboraldiko bigarren atalean, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Gipuzkoa aldera joango dira, Ibarrara, hain justu. 

Ezin zen, bada, Ibarrara joan eta piperrak dastatu gabe alde egin. Hala egingo du Pagadik lehen gonbidatuaren aitzakian. Joxean Urruzola Txumitxa piper-markaren jabea da, Ibarrako piperra lehen aldiz landatu zuen familiakoa. Urruzolak Ibarrako langostinoen bitxikeriak kontatuko dizkio Pagadiri, besteak beste, piper bizien kontrako etxeko erremedioa. 

Ustekabeak izango dira bidean, horien artean, Jexux Ozaitaren Seat 600 autoa. Pagadik Jexuxen autora igotzeko aukera izango du, eta herrian barrena mugituko dira, herritarrei diosala eginez, klaxon xelebreak jota. Segidan, Ibarrakoak bere txikitako afizioaren berri emango du: arrauna. Garai batean Antonio Oliden eta konpainiarekin lortutako bandera astinduko dute. 

Pagadik elkarrizketatuko duen hirugarren gonbidatua Aitor Jimenez gaztea izango da. Poniak mugitzen topatuko du, errepide erdi-erditik, belardi batera bidean; Pagadik ganadua kontrolatzeko ahaleginak egingo ditu. Segidan, Ibarrako ilustre handi bat izango dute hizpide: Isidoro Gaztañaga boxeolaria, Ibarrako mailua. 

Herrigunetik Izaskun auzora joango da Pagadi, Joxean Zubelzu tabernaria eta auzoko alkatea ezagutzeko asmotan. Izaskungo ermita ezagutuko dute, Ibarrakoen eta Tolosakoen artean gatazka sortzen duen eraikina; izan ere, lurrez Ibarrari dagokio, baina Tolosako Santa Maria parrokiak omen du haren ardura. Abentura amaitzeko, auzoko ereserkia joko dute txarangako instrumentuen laguntzaz. 

Zuhaitzek kasta handiko gonbidatu batekin ekingo dio Ibarrako bisitari. Xanti Mendigain ezagutuko du, Mendigain abizena duen pertsona bakarra. Aspaldian gurpildun-aulkian dabil, bi hilabeteren buruan hiru istripu izan dituelako; umore handiz kontatuko dizkio eskapada guztiak. Gainera, goizean goiz sabela ondo betetzeko, Xantik Ibarrako hilerrian bildutako karakolak jango dituzte. 

Ondoren, Zuhaitzek Martzelino Zelaia ezagutuko du, 86 urteko baserritarra. Mendigainen antzera, honek ere istripu larria izan zuen, mendian zezenak harrapatuta; Zuhaitzek arreta handiz entzungo du Martzelinok trantze hartatik salbatzeko erabili zuen trikimailua. Martzelinoren arreba Higini ere ezagutuko du eta hizketaldi interesgarria izango dute hirurek batera, baserriko terrazan jarrita. 

Ibilian-ibilian Pexkatero ezizeneko idiazabaldarra ezagutuko du. Ibarran arrandegi batean lan egindakoa da Pexkatero, eta kontatuko du nola moldatzen zen lana parranda kontuekin uztartzeko. Aspaldian, ordea, gehixeago zaintzeko asmotan, ez du alkoholik batere edaten; Zuhaitzek eta biek, baso bat ur edango dute, sano-sano. 

Ibarrako atalari amaiera emateko, Zuhaitzek ere Izaskunera joko du, Iñaki  Sarasolarekin hitz egiteko. Ohitura errotuak dituzte Sarasolaren baserrian, horietako bat da Santa Krutz egunean egurrezko gurutzea egitea eta etxe inguruko ate guztietan jartzea. Aspaldiko beste usadioa sagardoa egitea da Sarasolaren baserrian, eta kupel barrua garbitzeko teknika aparta erakutsiko dio Zuhaitzi. 

Maila bikaineko atala izango da Ibarrakoa, umorez eta bitxikeriaz zipriztindutako elkarrizketa-sorta, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.