Herri txiki, Infernu Handi
22:15ean
Amarotz, gaurko "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan
EITB Media
Zuhaitzek eta Pagadik Tolosako Amarotz auzoa bisitatuko dute. Bertan, Iñigo, Pilar, Joxe, Jon, Pili, Ander eta Ramon ezagutuko dituzte.
Gaurko "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan herri izaera duen Tolosako Amarotz auzoan izango dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi, Gipuzkoan. Besteak beste, Boinas Elosegui enpresa bisitatuko dute bertan.
Iñigorekin abiatuko du bisita Zuhaitzek, eta amaroztar sentitzen den bizkaitarrak auzoaren jatorria eta berezitasunak azalduko dizkio. Tolosako Udalari ere zenbait eskaera egingo dizkiote auzoko bizitza hobetze aldera. Ondoren, Zuhaitz San Blasera igoko da hilerriaren aldamenean bizi den Pilar bisitatzera. 94 urteko emakume alaia da Pilar, eta Zuhaitz harrituta utziko du bere ateraldiekin. Futbolaz ere jardungo dute. Jarraian, Joxe ezagutuko du, eta 82 urtera sasoiko heltzeko sekretuak zeintzuk diren jakinaraziko dio. Jonek, bestalde, bere moto eta kotxeekiko zaletasunaren berri emango dio Zuhaitzi. Vespa batean topatuko dute elkar, eta ez da nolanahiko motoa, gainera, matrikula berezia baitu.
Mikel Pagadik, berriz, Errotatxo okindegiko Pili ezagutuko du lehendabizi. Okindegi txikia duen arren, denetik du Pilik bertan; eta ez da emakume makala; itsaski-janaren truke, triatloia egiteko gai da. Horrez gain, dieta egiteko bere metodo propioaren xehetasunak azalduko dizkio Pagadiri. Amarotzen egonik, ezin Boinas Elosegui enpresa bisitatu gabe gelditu. Anderren eskutik, Pagadi fabrikaren barrunbeetan murgilduko da xehetasun guzti-guztiak ezagutzeko. Azkenik, Amarotzeko Konponezinak kuadrillako Ramonek auzoan sortutako txarangaren nondik norakoak azalduko dizkio. Arguiñano bera ere Konponezinak kuadrillarekin dunbala jotakoa da, eta Ramonek Pagadiri erronka botako dio: dunbala Arguiñanok baino hobeto jotzeko gai izango al da?
"Herri Txiki, Infernu Handi" gaur, igandean, da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.


