Hitzetik hortzera
25. urteurrena
'Hitzetik hortzera' saioaren 25. urtemuga, elkarlanaren emaitza
EITB
EITB
Urtemuga ospatzeko agerraldia egin dute, pozik agertu dira Bertsozale Elkarteak eta EiTBk elkarlanean egindako bideaz, eta aurrerantzean ere elkarrekin bide luzea egiteko ilusioa erakutsi dute.
-
Iñaki Murua eta Edu Barinaga
Bertsolaritzari buruzko telebista-saio beteranoak antenan 25 urte bete dituela ospatzeko asmoz elkartu, eta agerraldia eskaini dute EiTBko eta Bertsozale Elkarteko ordezkariek.
EiTBren Bilboko egoitzan eskaini dute gaur goizean prentsaurrekoa. Edu Barinaga Erezuma, ETBko zuzendaria, eta Iñaki Murua Jauregi, Bertsozale Elkarteko lehendakaria, izan dira bertan.
Pozik agertu dira biak Bertsozale Elkarteak eta EiTBk elkarlanean egindako bideaz, eta aurrerantzean ere elkarrekin bide luzea egiteko ilusioa erakutsi dute.
'Hitzetik hortzera' bertsolaritza zabaltzeko ezinbesteko tresna dela aitortu dute, eta, bi erakundeentzat ez ezik, bertsozale ororentzat, programa gauzatu izana beharrezkoa eta emankorra izan dela.
Bidea, dena den, ez da beti erraza izan. Sorrera garaian, proiektua martxan jartzeko zalantzak izan ziren, baina abian jarri, eta irudia eta ahozko jarduera arrakastaz uztartu zitezkeela erakutsi zuten.
Abiatze fasean zein ibilbide osoan bi erakundeen ikuspuntuak eta begiradak uztartzea ez da lan erraza izan. Diferentzia horiek elkarlanerako borondatea lehentasun hartuta gainditu ahal izan dira 25 denboraldi osatu arte.
Bertsozale Elkarteak, Hitzetik Hortzera marka berea den aldetik, tentu handiz zaindu ditu telebistak eskaintzen zituen aukerak eta arriskuak. Zalantza-izpirik gabe, telebistak eragin handia izan du bertsolaritzaren zabalkundean. 'Hitzetik hortzera' erreferente bilakatu da. Bertsolaritzaren plaza da telebistan.
Zabalkunderako erreminta garrantzitsua izanik, arriskuak ere handiak ziren, eta, ekilibrista baten gisa, oreka zaintzen ahalegindu da Bertsozale Elkartea: grabazio ostean dena eskaini gabe hautaketak lehenetsiz; emanaldi handiei edo txapelketei begira bakarrik egon gabe, astero plazako bi saio grabatuz; aste berean areto, jatetxe, gaztetxe, eliza zein kalean izandako bertso-saioak harrapatuz; herri txiki zein hiri handietan eskainitako jaialdiak uztartuz; Euskal Herri osoko bertsogintza erakutsiz, bertso-saioaren testuingurua telebistaz ondo adieraziz…
Hori horrela, elkarte eta auzo txikietaraino iritsi dira 'Hitzetik hortzera' saioko kamerak urte hauetan guztietan. Ezezagun ziren zoko eta lekuak ezagutzera eman ditu. Eta ez hori bakarrik. Oraindik ere ahalegin handia egiten da jaialdietan edo bertso-afari batean sortzen den magia edo giro berezi hori, saioa gauzatzen den lekuan eta moduan eragin gabe, telebistaz ahalik eta hobekien transmititzeko.
Historian atzera eginez, 'Hitzetik hortzera' programa gauzatu aurretik telebistak egina zuen 'Ahotik ahora' saioa. 1988. urteko abenduan izan zen 'Hitzetik hortzera' programaren lehen emisioa, eta 1989. urtetik asterokoa da emisioa.
Gaur egun Lanku Bertso Zerbitzuak enpresaren bidez gauzatzen da programa. Urtean 26 saio egiten dira, eta igandero eskaintzen da, 15:00ak aldera.
Bi erakundeen elkarlanean areago sakonduz, egun, Bertsolari Txapelketetako finalak zuzenean eta diferituan eskaintzen dira: Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azkeneko bi finalak ETB1en gehien ikusi diren emanaldiak bilakatu dira.
Horren harian, aipagarria da ETBk 'Hitzetik hortzera' saioa eta txapelketetako finalak Euskal Herri osoan eskaintzeko egiten duen ahalegina, nahiz eta Nafarroan eta Iparraldean emisioa normaltasunez zabaltzeko arazoak izan.
Datorren larunbatean, adibidez, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko Xilaba txapelketaren finala eskainiko da ETB1en, gaueko hamarretan.
25. urteurrena ospatzeko, programa berezia eskainiko da datorren abenduaren 28an. 'Hitzetik hortzera' abiatu zenetik bertsogintzak izan duen garapena aztertzeko antolatu den mahai-ingurua izango da programaren ardatza: Xabier Amurizak, Uxue Alberdik, Andoni Egañak eta Maialen Lujanbiok hartuko dute parte.
Ospakizuna baliatuz, EiTBk eta Bertsozale Elkarteak eskerrak eman dizkiete urte luze hauetan 'Hitzetik hortzera' gauzatzen lagundu duten guztiei: bertsolariei, saio-antolatzaileek, bertsozaleei, lankide izan diren produktoreei, eta erredakzioan lan egin duten zuzendari, aurkezle eta kazetariei.
Gizartea, bertsolaritza eta telebista aldatzen joan diren neurrian, garaira egokitzen asmatu du 'Hitzetik hortzera' programak. Aurrerantzean, bidean asmatu, eta berriro, ospakizun bat tarteko, elkartzeko aitzakia izatea desio dute bi erakundeek. Horretarako, 'Hitzetik hortzera' saioak bide luzea izateko, elkarlanean jarraitzeko asmo irmoa agertu dute bi ordezkariek. Halaber, etorkizunari begira beste urrats bat emateko prest agertu dira, gaur egungo formatu berriak baliatuz, beste gune edo leiho bat sortzeko.