Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Bertsolaritza

Oihane Perearekin solasean "Hitzetik Hortzera" saioan, asteburuan, EITBn

EITB Media

Arabarrak bertsoarekin izandako esperientziaz, lorpenez eta arantzez hitz egiteko aukera izango du aste honetako programan.

1:14
Oihane Perea bertsolaria

30 urte daramatza bertsogintzan murgildurik Oihane Pereak, eta Arabako bertsolaritzaren azken urteetako garapenaren lekuko eta eragile izan da. Azken urte hauetako ibilbideari begiratuko diote aste honetako "Hitzetik Hortzera" programan, eta haren bizitokian, Zalduondon, elkartuko dira protagonistarekin.

Bizipoza izaten laguntzen dio bertsoak Oihane Pereari, halaxe aitortzen du berak. Arabako bertsolaritzaren azken urteetako garapenaren lekuko eta eragile izan da, bai plazaz plaza, baita bertso-eskoletako eta hezkuntzako transmisio lanean ere, beretzat bi norabideak baitira ezinbestekoak.

Bertsolaritzaren mundua nola ezagutu zuen azalduko du bertsolari zalduondarrak. Arabako lau txapel jantzi ditu bere ibilbidean, eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako ere sailkatu izan da hainbatetan.

Oihane Perearen bertsoaldi gogoangarrien bilduma bat ikusteko eta entzuteko aukera izango dute ikus-entzuleek. Txapelketetako bertsoaldiak gogoratuko dituzte saioan, zaharragoak eta berriagoak, Arabako txapelketakoak eta Euskal Herrikokoak, eta baita Ez da kasualitatea saioetako edo Emetik bertso-kabaretako momentuak ere, besteak beste.

"Hitzetik Hortzera" ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai larunbatean, 21:00etan. Igandean, berriz, ETB1en izango da ikusgai, 15:00etan.