Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

21:00etan

Señora sariketaz, gaur gauean, "Hitzetik Hortzera" saioan

EITB Media

Eider Perezek Eli Pagola eta Udane Mugerza antolatzaileekin mintzatuko da eta Lesakan jokatu zen finaleko une onenen bilduma eskainiko dute.

  • Lesakan jokatutako Señora sariketako finala

    Lesakan jokatutako Señora sariketako finala. Irudia: Bertsozale Elkartea

Hainbat bertsolari eta bertsozale feministak elkarlanean, aurtengo udaberrian lehen aldiz antolatu den Señora sariketa izango dute hizpide nagusi aste honetako "Hitzetik Hortzera" saioan. Gaietatik hasi eta saioetan sortutako girora, bertsolaritzaren hainbat arlo eraldatu eta hainbat lege inplizitu hankaz gora jarri nahiaren emaitza izan zen sariketa berri hau. 

Sariketa antolatzerakoan hartutako erabakiak, jarritako helburuak, sailkapen eta epai sistema berria, lehia-ez lehiak sortutako kontraesanak ezagutuko ditu Eider Perezek Eli Pagola eta Udane Mugerza antolatzaileekin izango duen solasaldian. Horrez gain, Lesakako finaleko momentu onenak bilduko dituzte. 

Berriozarko urteroko jaialdiko eta Donostiako Piratek antolatutako Kabotajea 2021 programaren parte izan zen bertso saio musikatuko ale batzuk ere eskainiko dira. 

Bertsoaldi kuttunaren atalean, aste honetan, Garazi eta Nerea Zarauzko Etxebeste bertso eskolako kideek azken Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala ekarriko dute gogora. 

"Hitzetik Hortzera" saioa larunbatero, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.