Hitzetik hortzera
Estreinaldia
Larunbatean hasiko da "Hitzetik Hortzera" saioaren denboraldi berria, Mirari Martiarenak aurkeztuta
EITB Media
Larunbatero izango dugu ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en. Denboraldi honetan bertso jarri musikatuek ere izango dute euren tartea. Ilaski Serrano EITBko aurkezle ezaguna izango da aste honetako gonbidatua. Horrez gain, Plentzia eta Muetzeko jaialdietako bertsoaldiak izango dira ikusgai.
Larunbat honetan, irailak 16, hasiko da "Hitzetik Hortzera" saioaren denboraldi berria, eta Mirari Martiarena izango dugu bertan aurkezle. Larunbatero eskainiko da bertsolaritza saioa, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.
Udazkeneko lehen programa honetan Ilaski Serrano EITBko aurkezle ezaguna izango da saioko lehen gonbidatua. Lanbideaz eta komunikazioa bizitzeari buruz arituko dira solasean eta, horri lotuta, estreinatu berri den "Mihiluze" programaren bigarren denboraldia ere izango dute hizketagai. Nola ez, bertsoa eta bertsolaritza izango dituzte hizpide. Izan ere, bertsozalea izateaz gain, 2022ko Txapelketa Nagusiko zuzeneko emanaldiak aurkeztu zituen Ilaskik, Jon Martinekin batera, ETB1en.
Plentzia eta Muetzeko jaialdiak
Bi jaialditako bertsoaldiez gozatzeko aukera izango dugu berriz ere "Hitzetik Hortzera" programan. San Antolinetako bertso-jaialdia egin zen Plentzian eta bertan kantuan aritu ziren Sustrai Colina, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio. Erlantz Ibargurengoitiak egin zituen gai-jartzaile lanak.
Muetzen, berriz, Amaia Agirreren esanetara aritu ziren Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus eta Julio Soto.
Bertso jarri musikatuak
Denboraldi honetan bertso jarri musikatuek ere izango dute euren tartea. Lehen programa honetan Joanes Illarregik jarritako bertsoak entzungo ditugu. "Presa"ri jarri dizkio leitzarrak bertsoak eta alboan izan ditu Eneko Sierra eta Beñat Atxustegi musikariak.