Itxi

Irabazi arte

Irabazi arte

Irabazi arte

Saria

"Irabazi Arte!" telesailak 2022ko CIMA TV FesTVal Berdintasun saria irabazi du

EITB Media

Epaimahaiak nabarmendu du EITBko telesailak emakumeen ahalduntzea eta emakumeen arteko elkartasuna sustatzen dituela. Gasteizko telebista jaialdiaren itxiera galan jasoko dute saria, irailaren 10ean.

  • "Irabazi Arte" telesaila saritu dute.

    "Irabazi Arte" telesaila saritu dute.

EITBko "Irabazi Arte!" telesailak 2022ko CIMA FesTVal Berdintasun saria irabazi du, eta Gasteizko telebista jaialdiaren itxiera galan jasoko dute, irailaren 10ean.

Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, emakumeen ahalduntzea eta emakumeen arteko elkartasuna sustatzen dituen telesail gaztea da. Halaber, garapen transmedia interesgarria ere azpimarratu dute, entzule gazteak erakartzeko Instagram kontua, web orria, podcasta eta komiki digital interaktiboa (app eran eskuragai dagoena) baititu. Gainera, laster, bigarren denboraldiarekin batera, TikTok aplikazioan ere egongo da.

CIMA sarien edizio honetan, halaber Dona, vosté no té res dokumentalak aipamen berezia izan du.

Halaber, epaimahaiak nabarmendu nahi du EITBk emakumearen sustapenean egiten duen lana, ez bakarrik fikzioan, baita beste genero batzuetan ere, hala nola entretenimenduan, dokumentalean, eta emankizunak eta emakumeen kirola bultzatzearen aldeko apustu sendoa. EITBren programazioak berdintasunean aurrera egiten eta sustatzen laguntzen du.

"Irabazi Arte!" euskaraz ekoitzi du Pausokak EITB Mediarentzat, Itziar Zeberio produktore eragilearekin, eta Julene Aranburu eta Maite Duque dira telesailaren sortzaile eta gidoilariak. Saioaren lehen denboraldian, Arene (Sua Enparantza) nerabea da, eta, familiarekin batera, Bartzelonatik Learo herrira joan behar izan zuen bizitzera. Une horretatik aurrera, bizitza berri batera egokitu beharko du, aitonarekin bizi eta lagun berriak eginez. Baina, batez ere, Arenek bere inguruan aurkitzen dituen aurreiritzien aurka borrokatu beharko du emakumezkoen futbol talde bat sortzeko, herriko lehena. Zortzi atalek audientziaren harrera bikaina izan dute eta bigarren denboraldia prestatzen ari dira.