Itxi Liburuak
22:30ean
Antton Telleria Korrika ekimen jendetsuari buruz, gaur gauean, "Itxi liburuak" saioan
EITB Media
Euskararen aldeko lasterketaren errepasoa egiteko hainbat gonbidatu izango dute, tartean, Xabier Amuriza, Nerea Urbizu, Porrotx eta Marimotots, edota Aitziber Balanzategi.
Gaur gauean, Euskal Herri osoa batzen eta lotzen duen Korrika egitasmoari helduko diote "Itxi liburuak" saioan. Horretarako, Antton Telleria kazetaria bi urterik behin antolatzen den euskararen aldeko lasterketaren historian murgilduko da.
Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta, Korrika egitasmoaren ibilbidea ezagutuko dugu. Lehenengo edizioko gora beherak ekarriko dituzte gogora; Xabier Amurizari eskatutako abestiaren nondik norakoak ezagutuko dituzte; lekukoaren barruan doan mezuaren egilea nola hautatzen duten jakingo dute eta furgonetan doazen lagunen bizimoduaz jardungo dira. Gainera, Antton Telleriak, lehen aldiz, lekukoa eskuetan eramateko aukera izango du.
Korrikaren historiari errepasoa egiteko hainbat gonbidaturen laguntza ezinbestekoa izango dute. Tartean izango dira Xabier Amuriza, Nerea Urbizu, Porrotx eta Marimotots eta Aitziber Balanzategi.
Korrikaren inguruan ikasitako guztia , ikasleei azaldu beharko die gero Antton Telleriak, baina ez edonola. Irratian eta oholtza gainean duen trebetasuna baliogarria izango al da ikasleak Korrikan murgiltzeko? Umorez eta sentimenduz jardungo da irrati esataria.
"Itxi Liburuak" saioa ostegunetan dugu ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.