Itxuroso
22:15ean
Eva Arguiñanoren itxura aldatuko du gaurko 'Itxuroso' saioak
EITB
Bere estiloa zehaztu nahi duten hiru gazteri ere look berria emango diete Maite Eskarmendik eta Unai Goikoleak.
Gaur gauean, Eva Arguiñano gozogile ospetsua hartuko dute 'Itxuroso' saioko platoan. Beasaingo sukaldariaren hitzetan, ia ez da apaintzen, eta gorroto du dendaz denda ibiltzea. Evaren irudia sofistikatzea izango dute erronka Maite Eskarmendi eta Unai Goikolea aurkezleek. Bestalde, estilo propioa aurkitu ezinean dabiltzan hiru gazteren itxuraldaketa izango da ikusgai ETB1eko saioan.
Eva Arguiñano beti azaltzen da sukaldari jantzita telebistan. Baina, bere programaz aparte, betebehar profesional asko ditu. Sukaldari ospetsuak eskolak ematen ditu, mintegi eta hitzaldietara joaten da, prentsaurrekoak ematen ditu... Hainbat ekitalditara joaten da, eta itxura serio eta profesionala behar du. Hor ez dio sukaldari uniformeak balio. 'Itxuroso' saiora joango da aholku bila.
Eneritz Crende elorriarrak, berriz, gustuko ditu erosketak, baina modari jarraitu gabe. Benetan aldakorra da. Ilea ere hamaika modutara eraman izan du. Lan eskaintza egin diote Bartzelonan, eta irudi dotoreagoa behar du. 'Itxuroso'koek lagunduko diote look berriarekin. Sporta, grungea, hippya,… zein izango ote da bere behin betiko estiloa?
Betzaida Urtazak ere ez du bere estiloa aurkitzen. Orain arte, 25 urteko legorretarra amarekin joan izan da arropa erostera. Orain, estilista profesionalen eskuetan jarri nahi du. Hori bai, amak lagunduta dator programara. Benetan gogotsu dago aldaketarako; izan ere, dieta eta kirola egiten hasi da. Unaik eta Maitek estilo ezberdinetako jantziak aurkeztuko dizkiote Betzaidari. Asmatuko al dute?
Ezker bekainean bitiligoa duen gazte bat ere izango dute 'Itxuroso'n. Txikitan konplexua zena bereizgarri bilakatu du Gaizka Aguilarrek. 21 urte bete berri ditu bilbotarrak, eta look zehatz eta gogorragoa nahi du bere nortasuna markatzeko. Kirol mota ezberdinak praktikatzen ditu, eta oso gorputz polita daukanez, ziur aski estilo guztiek ondo emango diote. Benetan proposamen ausartak egingo dizkiote.
Lau istorio eta lau itxuraldaketa ezberdin, zein baino zein itxurosoagoa, gaur, 22:15etik aurrera, ETB1en.