Itxi

Izarrak kalean

LEHEN SAIOA

Beñat Arizabaleta, 'Stars. Izarrak Kalean'eko lehen saioko ahots onena

L.A. | EITB.EUS

EITB

Aretxabaletakoak Libe Urrutia izan du aurkari lehen finalerdian. Finalean, berriz, Emma eta Jennifer bikotea izan du aurrez aurre. Natalie Imbrugliaren "Torn" kanta abestu du Beñatek finalean.

5:39

Euskal Telebistak igandean estreinatu du 'Stars. Izarrak Kalean' talent showaren bigarren denboraldia. Donostiako erdigunea izan da lehen saio honetako agertokia, eta Beñat Arizabaleta Aretxabaletako gaztea izan da estreinaldiko saio honen irabazlea. Txikitatik du abesteko grina, baina orain arte ez du sekula jendaurrean abestu; familia-bazkarietan baino ez.

Lehen finalerdia

Libe Urrutia sopelarra izan du aurkari Beñatek lehen saio honetako lehen finalerdian. Beñat izan da lehena abesten, eta Queen taldearen "Don't stop me now" kanta aukeratu du. Ondoren, Gloria Gaynorren "I will survive" kanta abestu du Libek.

Bi emankizunak bukatuta, publikoak bota dituen txanponak zenbatu dituzte Alex Sarduik eta Maria Amolategik. Beñatek 21,28 euro irabazi ditu, eta Libek 13,59 euro. Beraz, Beñat izan da lehen finalerdiko irabazlea.

Bigarren finalerdia

Bigarren finalerdian, Andoni Baraño algortarrak Emma eta Jennifer bikotea izan ditu aurrez aurre. Giacomo Puccini italiar operagilearen "Nessun dorma" kanta abestera ausartu da Andoni. Ondoren, Larrun bikotea osatzen duten bi neska gazteek Ken Zazpiren "Ezer ez da betiko" kantaren bertsioa taularatu dute.

43,71 euro eman dizkio publikoak Andoni Barañori; Jenniferrek eta Emmak, berriz, 79,99 euro eskuratu dituzte. Beraz, Larrun taldeko bi gazteak izan dira bigarren finalerdiko irabazleak.

Lehen saioko finala

Jennifer eta Emmaren aurka lehiatu da Beñat Arizabaleta lehen saioko finalean. Neskak izan dira kantatzen aurrenak, eta Siroka taldearen "Bihotzetik zintzilik" kanta aukeratu dute finalerako. Beñat Arizabaletak, aldiz, Natalie Imbruglia abeslari australiarraren "Torn" kanta abestu du.

Txanponak zenbatzeko ordua iritsi denean, kontua oso parekatuta egon da: Beñatek 28,64 euro lortu ditu eta Emmak eta Jenniferrek, 27,60 euro. Beraz, Beñat Arizabaleta aretxabaletarrak irabazi du lehen saioa, eta, honenbestez, 'Stars. Izarrak Kalean' lehiaketaren final handirako txartela eskuratu du.