Itxi

Izarrak kalean

STARS. IZARRAK KALEAN

Leire Tejada izan da bigarren saioko irabazlea, Elgoibarren

L.A | EITB.EUS

EITB

Basaurikoak Julen Morgado izan du aurkari finalerdian. Finalean, berriz, Ane Bengoaren aurkako lehiari egin dio aurre eta Exkixuren "Loretxoa" euskal kanta aukeratu du.

3:50

Elgoibarren izan dira Maria Amolategi eta Alex Sardui aste honetan, 'Stars. Izarrak Kalean'eko bigarren saioan. Euren talentua erakusteko irrikan dauden beste lau lehiakide berri ezagutu ditugu oraingoan ere: Ane Bengoa, Izaskun Canga, Leire Tejada eta Julen Morgado.

Lehen finalerdia

Izaskun Canga bilbotarra izan du aurkari Ane Bengoa donostiarrak lehen finalerdian. Adele bakarlariaren "Someone like you" kanta abestu du. Ondoren, ukelelea lagun, Solomon Lindaren abeslari hegoafrikarraren "Mbube" kanta aukeratu du Izaskun Cangak.

Bi emankizunak bukatuta, publikoak bota dituen txanponak zenbatu dituzte Alex Sarduik eta Maria Amolategik. Anek 16,39 euro lortu ditu, eta Izaskunek, 6,74 euro. Beraz, Ane izan da lehen finalerdiko irabazlea.

Bigarren finalerdia

Bigarren finalerdian, Leire Tejada basauriarra eta Julen Morgado donostiarra izan dira taularen gainean, nor baino nor gehiago. Scorpions taldearen "Still loving you" kanta aukeratu du Leirek; John Legend soul-abeslariaren "All of me" kanta, berriz, Julenek.

Txanponak zenbatzeko ordua iritsi denean, nahiko parekatuta egon da kontua: 18,96 euro eman dizkiote Leireri, eta 15,19 euro, Juleni. Honenbestez, Leire basauriarra izan da bigarren finalerdiko txapelduna.

Finala

Leire Tejada eta Ane Bengoa lehiatu dira bigarren saio honetako finalean. Alex Sarduik Exkixurekin kantatzen zuen "Loretxoa" abestia aukeratu du Leirek finalerako. Ane Bengoak, berriz, Amy Winehouse 2011. urtean hil zen abeslari britainiarraren "Back to Black" kanta egin du agertokian. Ikuskizun ederra eskaini dute biek, baina Leire Tejadak (11,70 euro) baino diru gutxiago eskuratu du Ane Bengoak (8,14 euro). Leire Tejada basauriarra izan da, beraz, bigarren saioko irabazlea, eta 'Stars. Izarrak Kalean' lehiaketaren final handirako txartela eskuratu du.