Itxi

Jateko Modukoa

Jateko Modukoa

Jateko Modukoa

22:30ean

Janari sexya eta edonori gustatzen ez zaion platera, gaur gauean "Jateko Modukoa" saioan

EITB Media

Eleneren bihotza konkistatzeko lehian, Oihana enpatikoa, Naiara kalkulatzailea eta Zuriñe misteriotsua arituko dira sukaldean.

0:34
Jateko Modukoa

Gaur gauean, Klaudio Landaren gidaritzapean, ikusgai izango da "Jateko Modukoa" saioaren hirugarren atala. Oihana arantzarra, Naiara gasteiztarra eta Zuriñe zestoarra izango dira Elene gonbidatuarentzat kozinatuko duten sukaldariak. Menu osoa dastatzeko aukera izango du azken horrek: lehen eta bigarren platerak, berak proposatutakoak, eta postrea, sukaldari bakoitzaren aukerakoa. 

Elenek ez die lan erraza jarriko sukaldariei: lehen errezetarako, janari sexya aukeratu du Igorreko gonbidatuak. Bigarrenerako, aldiz, edonori gustatzen ez zaion jaki bat kozinatu beharko dute. Sukaldariek zailtasunei aurre egin beharko diete; izan ere, errezetarik gabe aritu beharko dira.

Esplosiboa eta lotsagabea da Elene, eta irribarrea aterako dion neska baten bila etorri da saiora. Zein sukaldari izango da lehen begi kolpean gustatuko zaiona: Oihana enpatikoa, Naiara kalkulatzailea ala Zuriñe misteriotsua? Hitzorduetan giroa berotu egingo da, eta sukaldariek joko pikanteak baliatuko dituzte Elenerengana gehiago hurbiltzeko, eta hala, bere bihotza konkistatzeko.

Behin betiko erabakia hartzeko azken pausua postrea izango da, eta sukaldariek euren errezetarik onenak ekarriko dituzte etxetik. Azken dastaketa baino lehen, neskek gonbidatua limurtzen saiatzeko azken hitzak esateko aukera izango dute.

Plater bakoitza nork prestatu duen jakin gabe probatu eta ebaluatu beharko du Elenek. Amaieran, jatekoa prestatu duten hiru sukaldarien artean, jakirik gustukoenak prestatzea lortu duena hobeto ezagutzeko aukera izango du, afari erromantiko batean. Bertan, biek jakingo dute ea Eleneri gehien gustatu zaion sukaldaria izan den jateko moduko plater gehien prestatu dizkiona. Bat egingo dute, ala beste bat izango da janariaren bidez gonbidatua konkistatzea lortuko duena?

"Jateko Modukoa" ostegunetan izaten da ikusgai 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.