Itxi

Natura Bizia

Natura Bizia

Natura Bizia

22:30

Karrantza eta Aiala haranetako biodibertsitatea, gaur, "Natura Bizia" saioan

EITB Media

'Haran zabalak: paradisu naturalak' da Alberto Iñurrategik aurkezten duen dokumental sail honen laugarren atalaren izenburua.

0:30
Alberto Iñurrategi

Gaur gauean, "Natura Bizia" saioa euskal haran handietan barna ibiliko da. Alberto Iñurrategik Haran zabalak: paradisu naturalak izeneko atala aurkeztuko du       22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Askorentzat, bizilekua eta bizibidea; beste hainbatentzat, aisialdirako lekuak. Hirietatik urrundutako baserri giroko eremu hauetan jartzen da agerian, beste inon baino garbiago, gizakiaren eta naturako beste espezieen arteko harreman konplexua.

"Natura Bizia" dokumental sortaren laugarren atalak Karrantza eta Aiala bailarak bisitatuko ditu. Ordunte mendilerroko eta Zalamako zohikaztegiko irudi harrigarriak eskainiko dituzte; Armañongo Parke Naturala bisitatuko dute eta Pozalaguako haitzuloaren barrunbeetan ibiliko dira. Gainera, Gorobel mendilerroa eta Nerbioi ibaiaren sorreran dagoen ur-jauzia filmatuko dituzte.

Bestalde, zonaldeko biodibertsitatea erakutsiko dute, tartean, saguzarrak eta hegazti harrapariak, hala nola aztore arrunta eta mirotz urdina.

Atal honetan hainbat adituren testigantzak bilduko dituzte, besteak beste, Txomin Diaz Bizkaiko Foru Aldundiko Naturagune Babestuen Kudeaketako burua; Arantza Aranburu, geologo eta EHUko irakasle eta ikertzailea, eta Urtzi Goiti, biologo eta EHUko irakasle eta ikertzailea. Mario Corral eta Arturo Rodriguez naturalistek ere parte hartuko dute dokumentalean.

"Natura Bizia" astearteetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.