Itxi

Naufragoak

Naufragoak

Naufragoak

Finalaren laburpena

Jabata da "Naufragoak" saioko lehen edizioko irabazlea

EITB Media

Zazpi uharte eta 15 eguneko zeharkaldiaren ondoren, Jabata da "Naufragoak" ETB1eko abenturako garailea, eta berarentzat dira kanpaia eta 20.000 euroko saria. Xabi izan da bigarrena eta Mikel hirugarrena, tirolinan indarrik gabe gelditu baita.

  • Jabata, "Naufragoak" saioaren irabazlea

    Jabata, "Naufragoak" saioaren irabazlea. EITBren bideo batetik ateratako irudia

Lehorra, hori zen orain dela hiru hilabetez "Naufragoak" saioko lehiakideek buruan izan duten helburu bakarra. Baina bertaraino heltzeko oztopoz, arazoz eta ezustekoz beteriko ibilbidea osatu behar izan dute abentura hasi zuten 18 naufragoek. Ez dira, hala ere, ezusteko guztiak txarrak izan 14 atal hauetan; laguntasuna, hazkunde pertsonala eta bizikidetza ere bizi eta landu dituzte gure naufrago ausartek.

Finalean sartzen azkena izan zen arren, Jabata beti egon da lehiaketa irabazteko faboritoen artean. Estrategiak argi izan ditu beti eta hasiera-hasieratik bere helburua argi izan du; kanpaia. Bakarrik heldu zen Cayo Muertora, baina Naroarekin batera saioko bikoterik indartsuenetako bat osatu du. Bakarkako etapan etsipena askotan sentitu du, nahi baino gehiagotan bigarren geldituta. Amorru horrek, hala ere, hain desiratutako lehenengo postua lortzera eraman du.

Igerian hasi dute erronka hiru finalistek, baina Arrankudiagakoa lehen momentutik jarri da buruan. Lasterketa une oro kontrolatu du eta bai igerian zein tirolinan distantziak mantendu ditu, kanpaira lehena heldu arte. Bertan, lehenengoz, Jabata hunkituta ikusi dugu. Familiari eta lagunei eskaini die garaipena baina pertsona berezi bat izan du buruan: ama.

Bere alboan Xabier eta Mikel izan ditu nor baino nor gehiago. Elorriokoa, Galernetako erregea, bigarren gelditu da finaleko proba guztia osatuta. Mikel, aldiz, indar gabe gelditu da eta tirolinan metro batzuk baino ez ditu egin aurrera. Hala ere, azken ezustekoa zeukan hondartzan zain: Inge, bere bikotea.

Erronka gogor eta luzearen garailea Jabata izan da, eta berak eraman ditu etxera "Naufragoak" abenturako lehenengo kanpaia eta 20.000 euroko diru saria.

"Naufragoak" saioaren atal guztiak ikus ditzakezu EITB Nahieranen, EITB Nahieran appean eta EITB Mediaren gainerako plataforma digitaletan.