sautrela
15:00etan
Bernardo Atxagari elkarrizketa, gaurko 'Sautrela' saioan
A.H.
EITB
Horrez gain, Salvador Espriu poeta katalanaren País Vasc poemategiko zenbait pasarte gogoratuko dituzte.
Gaur, Bernardo Atxaga izango dute protagonista nagusia 'Sautrela' saioan. Ezagun denez, berriki argitaratu du bere azkeneko liburua, Nevadako egunak. Lau urte igaro dira bere azkeneko nobelatik, Zazpi etxe Frantzian hartatik, eta jakin-mina zegoen ea asteasuarrak nondik joko zuen oraingoan. Liburu berezi batekin etorri zaigu, bada, aldi berean gauza asko den liburuarekin: kronika, nobela, memoria… Besteak beste, Nevadako egunak nola sailka daitekeen argitzen lagunduko du idazleak elkarrizketan, baldin eta sailkapena egitea beharrezkoa bada. Horrez gain, liburu berriak Atxagaren ibilbideko hainbat motibo, gai eta estilo berreskuratzen ditu, eta honenbestez, bere ibilbide osoaren inguruan ere apur bat hausnartzeko balioko digu, baita egungo bere kezka nagusiak zeintzuk diren jakiteko ere.
Lehenago, erreportajean, poesia kontuak izango dituzte aztergai. Salvador Espriu poeta kataluniarrak edukitako egitasmo baten inguruan arituko dira. Izan ere, Espriuk Euskal Herriari eskainitako poemategi bat osatzeko proiektua izan zuen, nahiz eta azkenean poema gutxi batzuk baizik ez zituen egitasmo haren pean osatu. País Vasc izeneko proiektu hartatik, sei poema dira soilik orain arte ezagunak, zeinak Aritz Galarraga literatur kritikariak itzuli baititu berrikitan. Haatik, antza, bada oraino proiektu haren peko poema gehiagorik, gaur arte publikatzeke mantendu diren arren. Espriuren jaiotzaren mendeurrena bete den honetan, poetaren bilduma osoen edizio kritiko bat ontzen ari da zenbait aditu, eta edizio horretan argitaratuko omen dira, agidanean, falta diren poema horiek. Erreportajean, bada, Espriuren egitasmo horri buruz mintzatuko gara Galarragaren bidez. Zertan zetzan Pais Vasc delakoa? Nolatan Espriuren Euskal Herriarekiko mira? Ze toki izan zuen proiektu hark Espriuren obraren baitan?
Azkenik, Beñat Sarasolaren atzera begirakoan, 1969ko poema liburu bakan bati begiratuko diote, Joxe Anton Artzeren Isturitzetik Tolosan barru liburuari. Liburu berezietan berezia, garaiko euskal poesiaren baitan iraultzatxo bat izan zen, berritasun ez gutxi ekarri zuena. Hari buruz arituko da Sarasola, egungo irakurketa bat proposatuz.
'Sautrela' gaur emitituko, da 15:00etatik aurrera, ETB1en.