Itxi

sautrela

15:00etan

Arantxa Urretabizkaiarekin, gaurko 'Sautrela' saioan

A.E.

EiTB

Erreportajean, 2014an Literatura Nobel saria jaso zuen Patrick Modianori buruz arituko dira.

2:47

Aste honetan, euskal literaturako idazle ezagunenetako bat izango da 'Sautrela' saioan: Arantxa Urretabizkaia. Idazle garrantzitsua da 1979az geroztik, Zergatik panpox nobela idatzi zuenetik. Gerora, batez ere nobelagintzan nabarmendu bada ere, lan ederrak plazaratu ditu, halaber, beste genero batzuetan, poesian esaterako. Oraingoan, baina, autobiografia eta memoriaren arteko liburu batekin datorkigu, Zuri-beltzeko argazkiak, non bizi izan zuen haurtzaroa du kontagai. Lan berriari buruz ariko dira, bada, saioaren zati nagusienean.

Erreportajean, beste idazle bati buruz jardungo dira: 2014an Literatura Nobel saria jaso zuen Patrick Modianori buruz. Ibilbide luzeko idazlea dugu Modiano, Vichyko gobernupeko Frantziaren erretratugile izateagatik ezaguna batez ere. Euskaraz haren bi liburu ditugu: Udaberri alua! eta Villa triste, biak ere Igela argitaletxean argitara emanak. Hain justu argitaletxe horretako arduradun eta editorearekin, Xabier Olarrarekin, eta Udaberri alua! liburuaren itzultzailearekin, Pello Lizarralderekin, mintzatu dira idazle frantziarraren inguruan.

Saioaren bukaeran, 1975eko poema liburu bat ekarriko du Beñat Sarasolak: Mikel Arregiren Hego haizearen konpasean. Garaiko poesiazaleek aski estimatutako liburua izan zen, baina gerora beste poemarik sekula plazaratu ez, eta ahaztu samarra dugu Arregi. Liburu bakan bati buruz ariko da, beraz, Sarasola.

Ohi legez, gaur izango da ikusgai 'Sautrela', 15:00etatik aurrera, ETB1en.