Itxi

sautrela

15:00ean

Patri Urkizuren lan berria, gaurko 'Sautrela'n

EITB

1914–1918: Lekukoak lanak, lehen mundu gerraren inguruan euskaldunek idatzitako testigantzak biltzen ditu.

  • Patri Urkizu

    Patri Urkizu

Patri Urkizu idazle eta ikerlaria izango da gaurko 'Sautrela' saioan gonbidatu. Lan berria aurkeztuko du, 1914- 1918 Lekukoak, Lehen Mundu Gerraren inguruan euskaldunek idatzitako testigantzak biltzen dituen liburua. Molde ugaritako testuak biltzen ditu lanak: kronikak, gutunak, bertsoak, eleberri zatiak, antzerki zatiak... Parada bikaina da euskaldunek gerra haren inguruan zer idatzi zuten ezagutzeko. Gehienak gerra jazo zen urteetan idatzitakoak dira, frontean bertan idatziak ugari, baina badira ondorengoak ere.

Gure letretako figura garrantzitsuetako bat dugu Patri Urkizu, urte luzetan lan eskerga eginikoa. Gazte garaian abangoardiaren lehen lerroan ibili ondoren, gerora ikertzaile moduan lan egin izan du batik bat. Langintza horretan ikertu ditu antzerkigintza eta bertsolaritza, edo bildu izan ditu Agosti Chaoren kantuak.

Bestetik, literatur lanen ilustrazioen inguruan ariko da 'Sautrela' erreportajean. Ezagun denez, batez ere haur literaturako liburuak ilustratu ohi dira, eta langintza horietan ibiltzen diren bi ilustratzailerekin mintzatuko dira: Leire Salaberria eta Maite Gurrutxaga. Literatur lan bat nola ilustratzen den azalduko dute, langintza horretarako trikimailu, oztopo eta enparauak aireratuz.

Azkenik, Beñat Sarasola batez ere gazteek aski estimatu izan duten liburu bati buruz jardungo da, Juan Luis Zabalaren Galdu arte nobelari buruz. Azkoitiko gaztetxearen inguruan kokatuta, garai baten erretratu ederra ondu zuen Zabalak liburu harekin.

'Sautrela', gaur, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

>