sautrela
11:00etan
Goiatz Labandibar idazlea, gaur, 'Sautrela' saioan
EiTB|A.E.
Erreportajean Imre Kertesz idazle hungariarrari begira jarriko dira.
Goiatz Labandibar idazlearen bisita izango dute aste honetako 'Sautrela'n. Literatura eta argazkigintzaren artean jauzi eginez, Fotogramak ipuin bilduma osatu du idazleak. Hamaika argazki aukeratu ostean, irudian ageri dena oinarri gisa hartu eta ipuinak osatu ditu Goiatz Labandibarrek. Woodstock, Espainiako Gerra Zibila edota Hego-afrikako apartheida bezalako testuinguruetan hartutako argazkiak ditu idazleak aipagai, baina istorio bilakatzerakoan oso eguneroko egoerak agertzen ditu, maiz, ukitu vintage edo klasiko batek lagunduta.
Erreportajean Imre Kertesz idazle hungariarrari begira jarriko dira. Idazlea denon ahotan jarri zen 2002an Literaturako nobel saria eskuratu zuenean. Behin-betiko aztarna, ordea, hamarkada batzuk lehenago argitaratutako Zoririk ez lanean utzi zuen. Holokaustoa nerabe baten ikuspegitik kontatu zuen tonu xalo bezain krudela nahastuta. Geroztik argitaratutako lan gehienetan giza basakeria izan ditu aipagai Kerteszek. Zoririk ez eleberria Urtzi Urrutikoetxea idazle eta kazetariak itzuli zuen euskarara eta berak emango ditu Kerteszi buruzko argibide guztiak.
Juan Luis Zabalak Miren Agur Meaberen poesia lan gogoangarri bat ekarriko digu: Azalaren kodea. 2000. urtean argitaratutako lanean, bor-bor jarri zituen Meabek sentimendua, identitatea eta erotismoa irudikatzeko kode berriak.
'Sautrela' goizeko 11:00etan izango da ikusgai, ETB1en.