Soinu Ehiztaria
22:40ean
Joxe Mari Agirretxe, Porrotx, gaurko 'Soinu Ehiztaria' saioan
EITB
Bai pailazoari, zein sudur gorriaren atzean ezkutatzen den gizonari ere erreparatuko dio Xabi Larrazabalek gidatutako saioak.
Gaur gauean, Joxe Mari Agirretxe, Porrotx, hobeto ezagutzeko aukera izango du Xabi Larrazabalek 'Soinu Ehiztaria' saioan.
Gehienoi Joxe Mari Agirretxe izenak ez digu askorik esaten, Porrotx esanda, ordea, denok asmatzen dugu. Dena den, igandeko saioak ez du pailazoa gizonaren aurrean gailenduko. Soinu ehiztariaren asmoa, biei erreparatzea izango da: sudur gorria janzten duen Porrotx pailazoari bezala, Joxe Mari Agirretxe herritarrari ere. Zeintzuk dira pailazo arropak eranztean Joxe Marik atsegin dituen soinuak? Zeintzuk Porrotxek sortzen dituenak? Guzti horien ehizan abiatuko da Xabi Larrazabal soinu ehiztaria.
Lasarte-Oria da Joxe Mariren jaioterria. Herri industriala eta nekazaria, biak uztartzen ditu Lasartek, eta nahasketa horren soinuak ere, dudarik gabe, mila ñabardura izango ditu. Horietako batzuk ere ezagutzeko aukera izango du Xabi Larrazabalek.
'Soinu Ehiztaria' gaur emitituko da, 22:40etik aurrera, ETB1en.
n.