Sukaldaria
22:30ean
Oronoz-Mugairin izango da 'Sukaldaria' gaur gauean
EiTB
Joseba Arguiñanok Baztan ibarreko herri honetako auzokideak eta horien istorio eta plater gustukoenak ezagutuko ditu.
Gaur gauean, 'Sukaldaria' saioa Oronoz-Mugairin izango da. Joseba Arguiñano Baztan ibarreko herri honetan murgilduko da, hainbat istorio, bitxikeria eta plater tipiko bilatzeko asmoarekin.
Sukaldariak Baztan-Bidasoako Gure Kirolen Klubean hasiko du eguna, Patxi eta Donato Larretxea anaiekin. Bertan, herri-kirolak pasioz bizi dituzten hainbat kirolarirekin egongo da, eta erronka bati aurre egin beharko dio. Aurretik, baina, indarrak hartzeko moduko platera prestatuko dio Patxik: xingarra tomatearekin.
Oso zaldi bereziekin egongo dira Zubialdea Arabians ganadutegian. Asier Goñik edertasun lehiaketetara aurkezten dituen arabiar arrazako zaldiak erakutsiko dizkio, eta, Josebarekin batera, Dariyah izeneko behorrari ile-apaindegiko lanak egingo dizkiote eta makillatu egingo dute. Ikasitakoaren truke, plater berezia egingo dio Josebak Asierri, Oronoz-Mugairin hartutako produktu berezi batekin.
Arguiñanok zuri eta beltza prestatzen ikasiko du. Baztan aldeko plater tipikoenetako bat da, eta Oronoz-Mugairi osoan Tere Berho da zuri eta beltza prestatzen hoberena. Bildotsarekin eginiko errezeta dastatzera eta gozatzera etorriko da Martin Apezetxea, Tereren senarra eta Oronozko postari izandakoa. Gainera, arrantzale aparta da, eta Josebarekin Baztan ibaiko uretan murgilduko da, amuarrainak arrantzatzeko asmoz.
Sukaldariak izokin eta amuarrain artean jarraituko du Oronoz-Mugairiko arrain-haztegian. Gabriel Salaberrik Nafarroako ibaiak populatzeko zer egiten ari diren erakutsiko du, eta, gainera, izokinak elikatzeko arrain-bola batzuk prestatuko dituzte. Gabrielek ia 40 urte daramatza bertan lanean eta bizitzen, eta etxean hazten dituen usoekin egoteko aukera ere izango du Josebak. Usoak ehiza egin ahal izateko amu gisa erabiltzen ditu.
'Sukaldaria' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.