Teknopolis
Gaur
Droneak, gidaririk gabeko gailuak, aztergai 'Teknopolis'en
A.H.
EITB
Saioak, gainera, airetik grabatutako irudien bidez egindako atala estreinatuko du.
-
Teknopolis
Gaurko 'Teknopolis' saioak droneak, gidaririk gabeko gailu hegalariak, hartuko ditu protagonista. Gizartearen arlo askotan ugaritzen ari dira eta Lanbide Heziketan ere sartu dira. Bidasoako Lanbide Heziketako Zentroak badauka horrelako bat.
Ikasleekin topografia-lanak egiteko erabiltzen dute momentuz, baina etorkizunean erabilera gehiago izan ditzakeela uste dutenez, ikasleak horren erabileran trebatzeko saioak egiten dituzte. 'Teknopolis' saioa Ondarretan izan da ikasleekin, eta praktika modura, Ondarretako harrien egoerari buruzko irudiak hartu dituzte.
Bestalde, airetik grabatutako irudien bidez egindako sekzioa estreinatuko du Teknopolis'ek. Minutu eta erdian Jaizkibel mendia erakutsiko dute, eta hari buruzko zenbait bitxikeria emango dituzte ezagutzera, modu ikusgarrian jakina. Horrez gain, Donostiako Bunplanet enpresa ezagutuko dute, neurrira egindako softwarea garatzen duen enpresa.
Amaitzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak garatutako sistema berri bat ezagutuko dute. Irudien bidezko tumoreen diagnostikoa bizkorrago egitea ahalbidetzen du sistema honek.
'Teknopolis' gaur emitituko da 11:00etatik aurrera ETB1en eta igandean, 09:30ean, ETB2n, Oihana Jauregik gidatuta.