Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

15 urte

'Teknopolis' telebista-saioa: 15 urte gure etxeetara iristen

A.E

EiTB

Proiektua errealitate bihurtu duten 100 lagunetik gora elkartu dira urtemuga-jaian, eta telebistaz eskainiko da.

1:12

15 urte bete ditu Elhuyarrek ETBrako egiten duen 'Teknopolis' zientzia eta teknologiako dibulgazio-saioak. Hamabost urteotan, laguntzaile asko izan ditu saioak. Haiekin guztiekin ospatu da urteurrena gaur, otsailaren 20an, iluntzean Euskal Telebistaren Bilboko egoitzan. Urtemuga-jaia Oihana Jauregik gidatu du, Mikel Laskurain aktoreak lagunduta eta Las Marines DJk girotuta. Ekitaldia telebistaz emango da ETB1en eta ETB2n, 'Teknopolis'-en ohiko ordutegian.

Duela 15 urteko otsailaren 20an sartu zen 'Teknopolis' euskal etxeetan lehenengoz, Elhuyarren ekimenez eta ETBren eskutik. Hamabost urteotan, 403 saio egin ditu, 1.200 erreportaje baino gehiago guztira, programaren atal finkoak alde batera utzita. Eta zenbat pertsonak parte hartu dute saio horiek guztiak egiteko lanean? Batek daki, baina, saioko batez beste sei lagun aritu direla jotzen badugu, ia 2.500 lagun ateratzen dira.

Denbora-tarte horretan ia guztia asko aldatu aldatu bada ere, 'Teknopolis'i dagokionez, helburua lehengoa da orain ere: zientzia, teknologia eta berrikuntzaren garapenean egiten den lanaren berri ematea publiko zabalari; hau da, maiz hotz eta gris dirudien ikerketa- eta garapen-lanari, metodo zientifikoari, jantzi bero eta koloreduna ematea.

Zientziak eta teknologiak, aldiz, ikaragarri egin dute aurrera. Sarritan pauso txikiak izan dira aurrerapenaren eragile, ia ikusten ez direnak baina garrantzitsuak direnak. Beste batzuetan, ordea, lana eta lanaren ondorengo aurkikuntzak modu ikusgarrian iritsi dira. Jakina, telebistan batez ere irudiak du indarra, eta horrela jaso izan ditu 'Teknopolis'ek urte hauetan, eta horrela erakutsi ditu gaur ere jendaurrean.

Ekitaldian, eskerrak emateko tartea ere izan da. Hasteko, ikusleei, astero-astero telebistaz zein Internetez, pantailaz bestaldean egoteagatik. Ikerlariei, noski, beti irekitzen dituztelako beren unibertsitate eta enpresetako laborategi, tailer eta bulegoak. Elhuyarren bazkideei eta saioaren babesleei. Aurtengo edizioan, hauek: Mondragon Unibertsitatea; Euskal Herriko Unibertsitatea; Nafarroako Unibertsitatea; Tknika; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila; Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Garapen eta Lehiakortasun Saila; EVE, EDP eta FECYT.

Hiru hankako mahaia

Oihana Jauregik aurkezten du egun 'Teknopolis', baina, aurretik, Pili Kaltzadarekin jarri zen abian programa, eta, ondoren, Nerea Pikabea, Aitziber Agirre eta Maider Egues ere aritu ziren aurkezle-lanetan. Eta Alfontso Mujika, Oier Araolaza, Maider Egues eta Beñar Kortabarria aritu dira zuzendari-lanetan, Pili Kaltzadaren ondoren.

Bi alditan zuzendu du Beñar Kortabarriak 'Teknopolis', eta bera da hasierako lantaldetik jarraitzen duen bakarra. Atzera begira gogoratu du Kortabarriak 'Teknopolis'en sorrera: "Elhuyar Kultur Elkartean, zientziaren dibulgazioa egiten genuen. Une hartan, Elhuyar aldizkaria eta Norteko Ferrokarrilla irratsaioa egiten genituen, eta guretzat bilakaera naturala zen telebistan lanean hastea. Ez genuen lehen saiakeran lortu! Luis Mari Bandres ETBren administrazio-kontseiluan zela, haren bitartez lortu genuen aintzat hartuak izatea. Eta baiezkoa baldintza batekin jaso genuen: guk finantzazioa lortzea. EITE, EAEko zentro teknologikoen elkartea, izan zen lehenengo babeslea. Horrela jaio zen 'Teknopolis', eta izaera horri eusten dio, hiru hankako mahaia baita: Elhuyarrek sustatu eta egiten du; enpresa eta erakundeek babesten dute; eta ETBk eskaintzen du. Hiru hanka eta helburu bakarra".

Izaera eta helburuak ez dira aldatu; egokitu bai, ordea: "Telebista egiteko modua aldatu egin da. Eta, 'Teknopolis'en egokitzen eta aurrea hartzen jakin dugu: bai edukietan eta bai teknologian. Programa duin, xume eta duela 15 urte baino hobea egiten dugu" azaldu du Kortabarriak.