Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

Zientzia eta Teknologia

Materialei buruzko 'Teknopolis', asteburu honetan

A.E.

EiTB

Asfaltoaz, hareaz eta egurraz, eta material hauen erabilpenaz arituko dira.

Material ezberdinak eta hauen erabilera izango ditu ardatz asteburu honetan 'Teknopolis' saioak. Hasteko, asfaltoari buruzko erreportajea eskainiko dute. Asfaltoz estalita daude errepideak, aparkalekuak, bidegorriak... Baina asfalto guztiak ez dira berdinak, alde handia dago batzuen eta besteen artean. Erabileraren arabera finkatzen dute materialaren formula. Asfaltos Uribe enpresako langileekin hitz egin du programak horretaz guztiaz.

Hareatik sortutako beirari ere erreparatuko diote aste honetako saioan. Beira asko dugu inguruan: altzarietan, leihoetan eta, geroz eta gehiago, eraikinen fatxadetan. Beira sortzeko prozesua ezagutu dute Tuterako Guardian enpresan. Harea soiletik abiatuta, beira adimenduna sortzen dute bertan. Nanoteknologiari esker lortzen dute.

Egurrezko eraikinen abantailei begira jarriko dira halaber. Aspaldiko baserri eta etxeek egurrezko egiturak zituzten. Gaur egun, ordea, hormigoia eta altzairua dira nagusi. Baina joera hori aldatzen ari da, egurrezko eraikinek dituzten abantailak direla eta: egurrak isolamendu hobea eskaintzen du, behar den materiala soilik erabiltzen da, obrak garbiagoak eta azkarragoak dira. Zurezko eraikinetan aditua den Egoin enpresa bisitatuko dute, besteak beste, material honek sortzen dituen errezeloak (sua, usteltzeko aukera, pipia...) nola gainditu dituzten jakiteko.

Horrez gain, EHUko Ingeniaritza Eskolako ikertzaile talde batek indize bat garatu du eraikinen egurrezko egituren jasangarritasuna neurtzeko. Egurraren jatorria, ematen zaizkion tratamenduak, obraren kudeaketa eta horrelako irizpideak kontuan hartzen dituen tresna bat da, egurrezko eraikinen proiektuak kudeatzen dituzten teknikariei zuzendua.

'Teknopolis' larunbatean 13:00etan dago ikusgai ETB1en eta igandean 09:30ean ETB2n

ETB2n