Teknopolis
ETB2n
Etorkizuneko elikagaiak hizpide, igandean, 'Teknopolis' saioan
A.E.| EiTB
Denboraldiko azken saioa eskainiko da asteburu honetan.
-
Iñaki Leturia
Elikagaiaren inguruan jardungo da aste honetan denboraldiko azken 'Teknopolis' saioa. Hasteko, etorkizuneko elikagaiak izango ditu hizpide. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa-institutu berri bat zabaldu du elikagai berri eta osasuntsuak garatzea helburu duena. Garatu, gainera, era seguru eta jasangarrian garatuko ditu. S-FOOD izenekoa (Research Institute on Innovation & Sustainable Development in Food Chain) Nekazal Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan sortu dute, baina lan-eremua ez dute ezezaguna; bertako hainbat departamentu elkarlanean ariko dira hemendik aurrera, elikagai-katearen maila guztiak barne hartuz: soroan lehengaia sortzeko prozesuetatik, kontsumitzailera arte. 'Teknopolis' institutuaren egitekoaren jarraipena egiten saiatu da: lurra modu jasangarrian nola lantzen den, patata elektronikoak ukitzen edo ogi berriak dastatzen ibili dira.
Ogia egiterakoan ultrasoinuen erabilpenari ere erreparatuko diote. Ogia egiteko errezeta sinplea da: irina, legamia, ura eta gatza. Ekoizpen-prozesua, ordea, ez da horren sinplea. Nahi den produktua lortzeko, pausu guztiak kontrolatu behar dira, eta artzidura une erabakigarria da. Europako ikerketa egitasmo batek ultrasoinuak erabili ditu artzidura prozesua kontrolatzeko.
Usurbilgo Lanbide Eskolan etxe prefabrikatu bat montatu dute, Tknika lanbide heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroarekin elkarlanean. Eraikina laborategi-moduan erabiltzen hasi dira, besteak beste, energia kudeatzen duten sistemak probatzeko. Egurrez eginda dago eraikina, bertako egurrarekin, gainera. Eta horri esker, Euskal Herrian burujabetza energetikoa posible dela frogatu nahi dute hainbat sektoreri dagokionez.
'Teknopolis' igandean izango da ikusgai, 09:30ean, ETB2n.