Teknopolis
Asteburuan
Muturluzeaz eta ibaietako habitatak hobetzeko lanez, 'Teknopolis'en
A.E.|EiTB
Hemeretzigarren denboraldia larunbatetan izango da ikusgai, 13:30ean, ETB1en; eta igandetan, 09:30ean, ETB2n.
Asteburu honetan abiatuko da 'Teknopolis' saioaren hemeretzigarren denboraldia. Iñaki Leturiak jarraituko du aurkezle lanetan, eta Nagore Rementeria izango da zuzendaria. Irudi berria izango da zientzia eta teknologia saioaren nobedaderik azpimarragarriena. Weba ere berritu dute eta gailu mugikorretara egokitu dute.
Eta aste honetako programari dagokionez, mendian eta gauez hasiko dute saioa. Gau bat pasatu dute muturluze piriniotarraren atzetik. Oso animalia berezia da, bakarra. Berezia da Pirinioetako eta Penintsularen iparraldeko erreketan bakarrik bizi delako, aspaldian desagertutako leinu bateko kidea delako, oso gutxi geratzen direlako... galzorian dagoelako. Bada, UPV/EHUko ikertzaileekin gau bat pasatu dute animalia apart hau salbatzeko egiten ari diren lana ezagutzeko.
Bide batez, muturluzea eta beste animalia batzuk bizirauteko ezinbestekoak diren ibaietako habitatak hobetzeko lanak ere erakutsiko dituzte. Nafarroak eta Gipuzkoak konpartitzen dituzten Bidasoa eta Leitzaran ibaietan presak eraitsi dira, arrain eskalak hobetu eta ibaietan egurra sartu da. Zuhaitzak ibaira bota dira horretarako, eta ondorio oso positiboak ditu horrek baita gizartearentzat ere.
Eta programa borobiltzeko, Axpeko zelaietara joango dira. Irudi bitxi bat ikusi zen Euskal Herriko Artzain Txakurren Lehiaketan: kameraz josita zegoen ingurua. Helburua, artaldearen jokaera eredu matematiko batekin aztertzea.
'Teknopolis' ETB1en izango da ikusgai, larunbatetan, 13:30ean, eta astelehenetan, 18:15ean; eta ETB2n, igandetan, 09:30ean; eta ostegunetan, 11:00etan.