Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

13:30ean

Bizikleta elektrifikatzea eta beste ideia batzuk, aste honetan, "Teknopolis"en

EITB

Horrez gain, saioa ZTIMULAB laborategia, Olatz Mampliega neurozientzialaria eta "Koronabirusaren Gakoak" atala izango dira ikusgai.

  • Iñaki Leturia, "Teknopolis" saioko aurkezlea

    Iñaki Leturia, "Teknopolis" saioko aurkezlea. Argazkia: EITB

Aste honetako "Teknopolis" saioa hainbat ideia teknologikoren inguruan arituko da.

Batetik, bizikleta elektrikoen inguruan mintzatuko da, izan ere, bizikleta hauek laguntza handia dira aldapak igo behar direnerako adibidez, baina ohikoak baino dezente garestiagoak ere badira. Bada beste aukera bat: bizikleta tradizionala elektrifikatzea. Bateria, motorra eta gainerakoak ongi kokatuz gero, zure bizikleta elektrikoa izango da, nabarmena izan gabe. Iruñeko Ciclos Martinen nola egiten duten ikustera hurbilduko da programa.

Beste ideia on bat ere proposatuko du saioak, bokazio zientifikoak sustatzeko laborategi bat. Kasu honetan ZTIMULAB du izena eta gazteak, bereziki neskak, STEM arloetako ikasketak egitera animatzeko helburua du. Aurreiritziek ez dezatela inor atzeratu zientzia, teknologia, ingeniaritza edo matematika ikasteko. 

Olatz Pampliega Achucarro Basque Center for Neuroscience-ko neurozientzialaria da. Zilio primarioak ikertzen ditu, zelulek dituzten antena moduko batzuk. Antena horiek seinalerik harrapatzen ez dutenean zer gertatzen den azalduko du, eta moda modan jarri den autofagiaz ere arituko da. Horrez gain, Atariko Probari ere aurre egin beharko dio.

Asteroko Koronabirusaren Gakoak atalean, bestalde, baldintzatzaile sozialei buruz hitz egingo digu Elhuyarreko Ana Galarraga dibulgatzaileak. Egungo pandemiaren aurrean ere norbanakoaren egoera sozialak eragin handia baitu.

"Teknopolis" saioa larunbatean izaten da ikusgai ETB1en, 13:30ean eta igandean, 13:35ean ETB2n. Bi emankizunak eitb.eus bidez ere jarrai daitezke.