Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Aposituak eta sariak, asteburu honetan, "Teknopolis" saioan
EITB Media
CAF-Elhuyar sarien berri emango dute, eta gaur egungo metodoen bidez sendatzen zailak diren zaurientzat aposituak egiteko erronka ere izango dute aztergai.
-
Jabier Agirre, medikuntzaren dibulgazioan espezialista. Argazkia: Elhuyar
Aste honetan CAF-Elhuyar sariak banatu dira, eta "Teknopolis" programan ekitaldian gertatutakoaren berri emango dute. Aurtengo leloak, Ezagutza da txertoa, ongi adierazten du 2021ean ere zein beharrezkoak diren zientzia eta teknologiaren euskarazko dibulgazioa eta kazetaritza.
Medikuntzaren dibulgazioan espezialista da aurtengo Elhuyar Merezimendu saria jaso duen Jabier Agirre. Komunikabideetan ohikoa da Agirreren parte-hartzea, eta medikuntzako kontuez edonork ulertzeko moduan hitz egiten du. Oraingoan, baina, bere ibilbideaz hitz egingo dute Agirrerekin "Teknopolis" saioan.
Komunikazioa ezinbestekoa da gizarteak ikerketen berri izateko, baina baita ikerketan bertan diziplina desberdinetako adituek elkarrekin lan egiteko ere. Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko biologo eta hematologoek eta Mondragon Unibertsitateko ingeniariek erronka bat dute aurretik: gaur egungo metodoen bidez sendatzen zailak diren zaurientzat aposituak egitea. Elkarrekin lanean, ideiak batu ez ezik, biderkatu ere egin dituztela esan daiteke.
Koronabirusaren gakoak atalean, bestalde, hazkunde esponentziala izango du hizpide Ana Galarraga Elhuyarreko dibulgatzaileak. Kontzeptu horren bidez bakarrik uler daiteke zergatik zabaltzen den hain erraz koronabirusa eta zergatik den hain zaila den lehengo egoerara bueltatzea.
Asteburu honetako programan bat egiten dute CAF-Elhuyar sarien leloarekin: Ezagutza da txertoa!
"Teknopolis" larunbatean izaten da ikusgai, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, ordu berean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere jarraitu ahal dira.