Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Esklerosi anizkoitza, asteburu honetan, "Teknopolis" saioan

EITB Media

Gaixotasuna ezagutarazteko kirola erabiltzen duen Mikelen kasua ezagutuko dute. Ikerketa mailan egindako aurrerakuntzak aztertuko dituzte, eta modu ahalik eta errealenean praktikak egiten dituzten medikuntza ikasleen inguruan ere arituko dira, 'Medikuntza erreala eta birtuala' izeneko atalean.

  • Mikel Lizarralde, esklerosi anizkoitzaren inguruko "Teknopolis" saioan

    Mikel Lizarralde, esklerosi anizkoitzaren inguruko saioan. Argazkia: Elhuyar Fundazioa

Mila aurpegi dituen gaitza omen da esklerosi anizkoitza, eta aste honetako "Teknopolis" programan horietako bat ezagutuko dute. Mikel Lizarralde eibartarrari duela lau urte diagnostikatu zioten gaitza eta, hasierako kolpea latza izan zen arren, ordutik kirola erabili du esklerosi anizkoitza ezagutarazteko: korrika, bizikletan, igerian... Bere bizipenak blog batean biltzen joan da, hurrengo, norbaitek diagnosia jasotzen duenean halako kolperik jaso ez dezan lagunduko duelakoan.

Ikerketaren ikuspegitik asko aurreratu da esklerosi anizkoitzaren ezagutzan, eta horrek tratamendu-aukera zabalago bat ekarri du. Gurutzeta Ospitaleak eta Biocruces Bizkaia ikerketa institutuak buruz buru dihardute horretarako lanean, ikerketatik eta gaixoen artatzerainoko bidea etenik gabea da hala. Azken 25 urteetan izandako aurrerapenak aztertuko dituzte.

Edozein gaitzen aurrean medikua ongi prestatuta egotea ezinbestekoa da, era José María Rivera ospitale birtualean Euskal Herriko Unibertsitateko medikuntzako ikasleek praktikak egiten dituzte egoera ahalik eta errealenean. Simulagailu mota ezberdinak erabiltzen dituzte josturak, erditzeak eta laparoskopiak egiteko eta, horien bidez, haien ezagutza teorikoak praktikan jartzen dituzte paziente errealengana joan aurretik.

'Teknopolis' saioaren irudia

"Teknopolis" saioaren irudia.

Azkenik, Atariko proba atalean Maialen Stephens ezagutuko dute. Ez da medikua, ingeniaria da, baina irudi medikoekin egiten du lan, medikuei diagnosia egiten lagunduko dien sistema adimendun bat trebatzen. Vicomtech zentro teknologikoan egin dute hitzordua.

"Teknopolis" saioa larunbatean eskainiko da, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, 12:15ean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere jarraitu ahalko dira.