Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Loa, osasun iturri, "Teknopolis" saioan, asteburuan
EITB Media
Loaren inguruan egiten diren ikerketei buruz aritzeko, alde batetik, Arabako ESI-ko Loaren Unitatera gerturatuko dira; eta bestetik, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirola fakultateko ikertzaileekin berba egingo dute.
-
Loaren eta osasunaren inguruan arituko dira "Teknopolis" saioan.
Loa eta osasuna zuzenean lotuta daudela ez du inork zalantzan jartzen, baina ez da denbora asko ikertzen hasi zirela bien arteko erlazioa. Aste honetako "Teknopolis" programan loaz arituko dira, lo ona egitearen beharraz. Arabako ESI-ko Loaren Unitatea Europako handienetariko bat da, eta bertan hainbat espezialitatetako medikuak biltzen dira. Haien lan jardunean gaua da aktibitate handieneko garaia; izan ere, pazienteetako batzuek bertan egiten dute lo eta, teknologiaren bidez, haien loa zerk asaldatzen duen aztertzen dute. Ez da leku txarra loaren garrantziaz jabetzeko.
Kirola egin ondoren hobeto egiten da lo, ez al da hala? Esperientzia pertsonalak hala erakusten du, eta baita ikerketek ere. Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirola fakultateko ikertzaileek kirola izan dute aztergai betidanik, baina orain loa ere ikertzen dute. Izan ere, eskumuturreko azelerometro batekin, pertsona batek egiten duen ariketa fisikoa izan ezik loa ere monitorizatu dezakete, eta bien arteko erlazioa ikusi. Bide horretatik, obesitatea edo eskizofrenia duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko gakoa izan daitezke ariketa fisikoa eta loa.
Lokartzen laguntzeko edukien artean, Interneteko azken joera ASMR bideoak dira. Sarean atalean horien adibide batzuk bilduko dituzte. Eta, horrekin batera, animalien loaren inguruko hainbat bitxikeria ere bai. Adibidez, kaxaloteek nola lo egiten duten ikustea ikusgarria da oso!
"Teknopolis" saioa larunbatean eskainiko da, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, 12:15ean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere jarraitu ahalko dira.