Tribuaren Berbak
Estreinaldia
"Tribuaren Berbak" saioaren denboraldi berria, igandetik aurrera, ETB1en
Euskarari buruzko saioaren zortzi atal prestatu dituzte Kike Amonarrizek eta Izaro Arrutik eta lehenengoa Madrilen grabatu dute. Bertan, José Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministroarekin mintzatuko dira euskarak, katalanak eta galizierak Europan ofizial izateko dauden aukeren inguruan.
Euskara erdigunean jarrita, hizkuntzen unibertsoan barna murgilduko dira igande honetatik aurrera Kike Amonarriz eta Izaro Arruti "Tribuaren Berbak" saioaren denboraldi berrian. Zortzi atal berri eskainiko dira eta lehenengoan Madrilgo euskaltzaleak ezagutu eta bertako herritarren iritziak jasoko dituzte.
Gainera, José Manuel Albares Espainiar Gobernuko Kanpo Arazoetako ministroarekin hitz egingo dute. Hizkuntza politiketan eragin beharreko estrategia aldaketen harira, euskarak, katalanak eta galizierak Europan ofizial izateko dauden aukeren inguruan mintzatuko dira. Elkarrizketaren amaieran esaldi esanguratsua bota du euskaraz: "Euskara Europan ofiziala izango da".
Karlos Cid eta Almudena Miragaya dira atal honetako protagonistetako bi. Lehena, sestaoarra zen aitonarekiko maitasunagatik hasi zen euskara ikasten; bigarrena, gaztetan euskaldun bat ezagutu ostean.
Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalaria eta Madrilgo Hizkuntz Eskola Ofizialean euskara irakaslea den Errukine Olaziregi ere elkarrizketatuko dituzte.
Madrilgo kaleetan barrena bertakoek euskararen inguruan zer dakiten jasoko dute eta Iparragirrek "Gernikako arbola" Euskal Herritik kanpo lehen aldiz abestu zuen lekua ezagutuko dute, besteak beste.
"Tribuaren Berbak" saioa igandero izango da ikusgai ETB1en 22:00etan eta nahi dugun oro ETB ONen.


