Tribuaren Berbak
22:25ean
Nerbioitik Ibaizabalera euskaraz, gaur, 'Tribuaren Berbak' saioan
Nerbioi ibaiaren emariari jarraitu eta ibaiaren inguruko herriak bisitatuko ditu Kike Amonarrizek, herri horietan euskararen egoera zein den ikusteko, gaur, 22:25etik aurrera, ETB1en.
Nerbioi ibaiarekin batera egingo dugu gaurko 'Tribuaren Berbak' saioa. Kike Amonarrizek ibaiaren emariari jarraitu eta inguruko herriak bisitatuko ditu, horietan euskararen egoera zein den ikusteko. Lehen geldialdia Urduñan egingo du. Han, Aketza Merino historialariaren laguntzaz, Bizkaiko hiriak azken mendeetako historian izan duen garrantziaz hitz egingo dute, hain zuzen ere, Gaztela eta Bilbo arteko igarobidea izateagatik.
Jarraian, Bizkaitik Arabara egingo du jauzi, Amurriora. Bertan, Aiaraldea Komunikazio Leihoako Izar Mendiguren kazetaria eta Gartzen Garaio elkarteko kideak elkarrizketatuko ditu. Aiaraldea.eus eta papereko hamaboskaria dira horien argitalpen garrantzitsuenak, eta euskara hutsean egiten dituzte biak. Amurriotik atera gabe, Izatefaltsua musika-talde heavy-aren doinuak entzungo ditugu saioan. Taldeak hamar urte daramatza oholtza gainean eta ondo baino hobeto ezagutzen dituzte Amurrio inguruko herriak. Horiekin mintzatuko da Kike Amonarriz euskarak gazteen artean duen tokia zein den jakiteko.
Ondoren, Kexaan, Joseba Llano Hogeita Lau euskara elkarteko kideak “Igande arratsaldeak familian euskaraz” egitasmoa zertan den azalduko du, haurren aisia igande arratsaldeetan euskaraz eskaintzeko proiektua, alegia. Laudio izango da saioko hurrengo geldialdia. Felix Mugurutza teknikariak Laudiok azken hamar urteetan euskararen erabileran izan duen gorakadaren arrazoiak kontatuko ditu. Marije Lopez informatikaria da euskararen gorakada hori ulertzeko adibide on bat. Orain hiru urte heldu zion euskara bete-betean ikasteari, eta egun bere dendan arreta euskaraz emateko pronto dago.
Arabatik Bizkaira
Arrigorriagan izango du hurrengo geralekua; han, Mintzalagun egitasmoaren berri emango digu Aritza Agirrezabalek, Berbalaguneko dinamizatzaileak. Halaber, hainbat mintzalagunekin ere egingo du berba Kike Amonarrizek. Bidaiaiaren amaierarako bidean, saioa Zaratamon geldituko da Karlos Zarraga elkarrizketatzeko, eta Nerbioi ibaiaren ur-emariak Basaurira eramango gaitu. Ludi Viguera Euskarabila elkarteko kideak “Basaurin be bagara” herri-ekimenaz hitz egingo du.
Gaur izango da ikusgai 'Tribuaren Berbak' saioan, 22:25etik aurrera, ETB1en.
ra, ETB1en.