Tribuaren Berbak
Gaur gauean
Ondorioak ateratzera dator denboraldiko azken 'Tribuaren Berbak'
Gaur, 22:25ean, Kike Amonarrizek saioaren 60 ataletan landutako zenbait gai gogoraraziko ditu, eta ondorioak aterako ditu lagun zahar eta berriak alboan hartuta.
Gaurkoa denboraldiaren azken 'Tribuaren Berbak' izango da; ondorioak ateratzeko une aproposa, beraz. Horretarako, saiotik igarotako hainbat lagun eta beste lagun batzuk elkarrizketatuko ditu Kike Amonarrizek, programaren 60 ataletan landutako zenbait gai gogorarazteko eta ondorio batzuk ateratzeko. Gaur gauean izango da hitzordua, 22:25ean, ETB1en.
Lehena Estitxu Garai publizista izango da. Euskararen inguruan nolako mezuak eta diskurtsoak sortu diren eta sortu behar diren aztertuko du harekin.
Iñaki Larrañaga kazetari gasteiztarra Galesen izan zen iaz erreportaje batzuk egiten, eta, egonaldi hura aprobetxatuz, galesa eta euskara alderatuko ditu. Halaber, Gasteizen eta Araban euskarak duen egoeraz ere mintzatuko dira.
"Euskara ikasteko zaila da". Mito hori gezurtatzen saiatuko da Kike Amonarriz Mikel Morris hiztegigilearekin. Coloradokoak, euskara ez ezik, beste hizkuntza mordo bat ikasi ditu, eta hizkuntzen zailtasun/erraztasunei buruz galdetuko diote saioan.
Ondorio gehiago biltzeko bidean, Koldo Zuazorekin elkartuko da. Saioko lantaldeak Euskal Herri osoa zeharkatu du 60 saioetan, eta bidaia horietan euskalkietan eta euskara batuan sumatutako aldaketa batzuei buruz galdetuko diote hizkuntzalariari.
Dudarik gabe, euskara ikasten ari direnek tarte bat izango dute azken programan. Yuli Vargas kubatarrak euskara ikasteko arrazoiak azalduko ditu, eta gure hizkuntza erabiltzeak eman dizkion aukerak ere agertuko ditu.
Baionara ere joko du saioak, Iñaki Etxeleku kazetariarekin elkartzeko. Batez ere, umoreaz eta lurraldetasunaz arituko dira harekin elkarrizketan.
Amaitzeko, Juanjo Ruiz TELP tailerretako ordezkariak egunerokoan euskaraz bizitzeko aholkuak emango dizkigu, eta Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak etorkizunean gizarteak euskararen inguruan ahaztu ezin dituen oinarrizko ardatzei buruz hitz egingo digu.
'Tribuaren Berbak' programaren denboraldiko azken atala
Bi ikasturtetan eta 60 ataletan zehar euskararen inguruko hamaika gai landu ditu programak, hizkuntzaren inguruko ikuspegi dinamiko, motibagarri eta koloretsua emanez. Euskal Herri osoa zeharkatu dute, eta Euskal Herritik kanpo ere ibili dira, euskaldunen bizimoduak, ilusioak, proiektuak eta kezkak partekatuz 400 elkarrizketatu baino gehiagorekin.
'Tribuaren Berbak' programak oso harrera ona lortu du ikusleen aldetik, eta esan daiteke pantailaren mugak ere gainditu dituela, eskola, unibertsitate edo euskaltegietan, esate baterako, material gisa erabili baitute. Ezin dugu ahaztu, bestalde, Argia Saria ere eskuratu zuela 2013. urtean.
Datorren ikasturteari begira, programaren arduradunek eta Euskal Telebistak formatuari atsedenaldi bat ematea erabaki dute, izan dezakeen jarraipena eta beharko liratekeen egokitzapenak aztertzeko.
Baina Euskal Telebistak euskararen gaia jorratzen jarraituko du Kike Amonarrizekin batera, ETB2n udazkenean programa berezi batzuk eskaintzeko aukera lantzen ari baitira.
Bestalde, orain arte landutako material guztia pedagogikoki erabili ahal izateko moduan jarri nahi da interesatu guztien esku, eta horretarako bideak lantzen hasita daude.