Tumatxak
19:30etan
'Tumatxak, Itsasoko Kantak' berezia, gaur arratsaldean
A.E.
EiTB
Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztuta, Izaskun Muruaga bermeotarrak, Urko Menaiak eta bere aitak, Maddalen Arzallusek, eta Lain eta The Uski's taldeek parte hartuko dute.
'Tumatxak, Itsasoko Kantak' berezia eskainiko da gaur arratsaldean, Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztuta, denboraldi honetako 'Tribuaren Berbak' saioko azken atalaren ondoren. Denok ezagutzen ditugun abestien bertsioak ikusteko aukera izango dugu bertan. Izaskun Muruaga bermeotarrak 'Itsasoa laño dago' abestia kantatuko du, Urko Menaiak eta bere aitak Kaxianoren 'Itsasontzi baten', Maddalen Arzallusek 'Itsasoan urak handi dire' eta Lain taldeak Sorotan Beleren 'Marinelarena' eta Benito Lertxundiren 'Balearen bertsoak' bertsionatuko ditu. Bukatzeko, The Uski´s taldea 'Horrelako' abestia kantatzen ikusteko aukera izango dugu. Guztia, artxiboko irudiekin apainduta.
Oso kultura gutxi dago munduan egile ezezagunek egindako horrenbeste kantu daukanik. Horiei kantu herrikoiak esaten zaie. Egilearen eskuetatik ihes egin eta ahoz aho transmititu izan dira urteetan. Horren aspaldiko kantuak izanik, naturari lotuak daude guztiz, eta horien artean elementu batek deitzen du arreta: itsasoak. Izan ere, elementu guztien artean miresmen eta misterio handien eragiten duen elementua horixe da. Itsasoa, legendak eta kondairez betetako masa urdin zoragarri hori. Hartara, saio berezi honetan klasiko horiekin hasi eta gaur egungo taldeek egin dituzten kantuak errepasatuko dira.
'Tumatxak, Itsasoko Kantak' 19:30ean hasita izango da ikusgai, gaur arratsaldean, ETB1en.