Tumatxak
22:15, ETB1 eta eitb.eus
Geureganatutako kantak hizpide, gaurko 'Tumatxak' saioan
A.H. | EITB
Julen Telleriak aurkeztuta, jatorrizkotzat jotzen genituen hainbat kanta atzerriko abestien bertsioak direla erakutsiko du saioak.
Gaurko 'Tumatxak' saioak bertsioak hartuko ditu protagonista, eta ezusteko eta sorpresa ugariz beteriko saioa izango da. Julen Telleriaren eskutik, fonoteka historikoan barrena murgilduko dira, altxor eta harribitxien bila. Behin eta berriro entzun izan ditugun doinu eta melodia ezagunak, zalantza izpirik gabe jatorrizkotzat jotzen ditugunak, moldatutako lanak, bertsioak, direla erakutsiko du saioak. Besteak beste, Egan, Benito Lertxundi edota Hertzainak taldeen zenbait kanta ezagunen jatorria atzerrian topatuko du Julen Telleriak.
Musika unibertsala izaki, melodiek ibilbide historiko eta geografiko zabala dute. Gaurko atalean, bide aberats eta harrigarri horietan barrena abiatzeko gonbita egingo du 'Tumatxak' saioak, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.
.