Itxi

Bigarrenak

Bigarrenak

Bigarrenak

Tomate milorria idi-buztan erregosiarekin
Tomate milorria idi-buztan erregosiarekin
Osagaiak
  • Idi-buztan erregosirako osagaiak (4 lagunentzat):
  • Idi-buztana - 1 kg
  • Urteko ardo beltza - 500 ml
  • Brandya - 100 ml
  • 3 tipula
  • 2 azenario
  • Olioa
  • Tomate milorria egiteko osagaiak:
  • Buztana eta saltsa (aurretik egin dugu)
  • 2 tipula
  • Porru bat
  • 2 azenario
  • Piper gorri bat
  • 2 piper berde
  • 4 tomate
  • Ogi birrindua
  • Irina
  • 3 arrautza
  • Mantxako gazta erdi ondua
Prestaketa

Lehenik eta behin, idi-buztan erregosia prestatuko dugu. Horretarako, barazkiak zuritu eta zatitu egingo ditugu. Eltze espres batean olioa bota eta bertan barazkiei errealdi arin bat emango diegu eta ongi gorrituko ditugu.

Buztanari gatza egin eta zartagin batean ongi gorrituko dugu. Ondoren buztana barazkiak dauden eltzera sartuko dugu. Brandya eta ardoa bota, urez estali eta egosten edukiko dugu; ordubete eltzean, 45 minutu eltze espresean. Egositakoan, buztana eta saltsa banatuko ditugu. Alde batetik, buztanari hezurrak kenduko dizkiogu. Beste alde batetik, saltsa iragazi eta eltzean jarriko dugu eta arto irin pixka batekin lodituko dugu.

Hori eginda, tomate milorria prestatuko dugu. Horretarako, tipula, porrua, azenarioa eta piperrak zuritu eta xehe-xehe zatituko ditugu. Olio txorrotada batekin 30 minutuz su eztitan bigunduko ditugu. Ondoren, aurretik eginak ditugun buztana eta saltsa botako dizkiegu. 10 minutuz egosten eduki eta aparte utziko ditugu.

Tomateak 1,5 cm-ko xerratan zatitu, gatza egin eta irin, arrautza irabiatu eta ogi birrindutan pasatuko ditugu. Tomateak frijitu eta aparte utziko ditugu.

Azkenik, milorria egingo dugu. Horretarako oinarrian tomate xerra bat jarriko dugu, gero buztanarekin egin dugun masa, beste tomate xerra bat eta beste buztan masa geruza bat. Gainean, gazta birrinduko dugu eta labean sartuko dugu 250ºC-tan. Gazta gorritzen denean, platereratu egingo dugu. Lehenik eta behin saltsa pixka bat jarriko dugu platerean eta gainean milorria.