Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Rabioliak batataz eta fetaz beteta kuiatxo saltsarekin
Rabioliak batataz eta fetaz beteta kuiatxo saltsarekin
Osagaiak
  • Pasta freskoa egiteko:
  • Irina, 250 g
  • 2 arrautza
  • Ura, 50 ml
  • Betegarrirako:
  • 4 tipulatx
  • 3 batata
  • 4 tomate lehor oliotan
  • Feta gazta, 100 g
  • Gatza
  • Piperbeltza
  • Oreganoa
  • Oliba-olioa
  • Kuiatxo saltsa egiteko:
  • 2 kuiatxo
  • Tipula bat
  • Esne osoa, 300 ml
  • 4 gazta krematsu
  • Gatza
  • Intxaur muskatua
  • Oliba-olioa
Prestaketa

Rabiolien ore freskoa egiteko, osagai guztiak nahasi, oratu eta 30 minutuz egoten utziko diogu.

Jarraian, arrabolarekin edo pasta egiteko gailuarekin orea luzatu eta orea zatitzeko molde batekin borobil formatan ebakiko dugu.

Kuiatxo saltsa egiteko, kuiatxoak zuritu ostean dadotxotan zatituko ditugu. Eltze batean aurrez zatitua izango dugun tipula oliba olio zorrotadatxo batekin erregosten jarriko dugu eta behin gorritzen denean, kuiatxo dadoak botako dizkiogu. Buelta batzuk eman eta esnea erantsiko diogu. Jarraian, 20 minutuz su ertainean egosten utziko dugu. Egosketaren ostean, gazta krematsuak, gatza eta intxaur muskatua gehituko dizkiogu. Irabiagailu baten laguntzarekin dena birrinduko dugu eta eltzean bertan epeltzen utziko dugu.

Bestalde, betegarria egiteko, labea 200 ºC-tan berotzen jarriko dugu eta aluminiozko paperarekin bilduko ditugun batatak bertan egosiko ditugu, 45-50 minutuz.

Eginak daudenean, labetik atera, aluminiozko papera kendu, kontu handiz erditik moztu eta hozten utziko ditugu. Behin hozten direnean, koilara baten laguntzarekin bataten mamia atera eta ontzi batean jarriko dugu. 

Segidan, tipulatxak xehatu eta oliotan erregosiko ditugu. Bestalde, tomate lehorrak xehatu, feta gazta mamurtu eta batata-mamiari gehituko diogu, gatza, oreganoa, piperbeltza eta tipulatx erregosiarekin batera. Koilara baten laguntzarekin dena nahasi eta moztutako pasta fresko xaflen erdian tontortxo txiki bat jarriko dugu. Hau, enpanadatxo bat bailitzan itxi dezakegu edo bestela, beste ore bat gainetik jarrita. Ongi zigilatzeko, esku bustiekin zanpatuz edo sardexka baten laguntzarekin egin dezakegu.

Jarraian, rabioliak uretan 3-4 minutuz egosiko ditugu. Bitsadera baten laguntzarekin kontu handiz atera eta ura ongi xukatu ondoren, oinarrian kuiatxo saltsa jarria izango dugun platera sakon batera zerbitzatuko ditugu. Nahi bada, usain-belarrekin apaindu.