Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15ean

Udaberriko 'Ur Handitan' saioaren pasarterik onenak, gaur gauean

EITB

Denboraldiari agur esango dio saioak, Aste Santuaren ostean eskaini diren bederatzi atalen protagonisten lekukotzak bilduz.

0:20

'Ur Handitan' saioaren 25. atala sasoi honetako azkena izango da, eta udaberritik hona bertatik pasatu diren protagonisten lekukotzak jasoko ditu bilduma moduan. Aste Santuaren ostean eskaini diren bederatzi ataletan, askotariko gaiak landu ditu 'Ur Handitan' saioak, eta horien guztien pasarte onenak gaur gauean izango dira ikusgai.

O akats ataleko protagonista izan zen Miren Telleria mediku kardiologoak, esate baterako, bere lanbidean bizi duen presioa nola kudeatzen duen azalduko du, eta gauza bera egingo dugu Asfalto Egunak ataleko Edurne Zapirain nazioarteko autobus gidariak ere.

Bestelako testigantza gogor eta hunkigarriak ere gogoraraziko ditu astearteko saioak, besteak beste, istripu batean hildako Enaitz Iriondo gaztearen senideena eta Ana Mosquera Bizitzera kondenatuak ataleko protagonistarena. Mosquerak ELA gaixotasuna du, eta horrelako egoera bati aurre egiteko jokaera eredugarria.

Testigantza hunkigarriez gain, gizartean bolo-bolo dabiltzan hainbat gairi buruzko hausnarketa ere egin du 'Ur Handitan' saioak hilabete hauetan, hala nola euskarak XXI. mendean bizi duen egoerari buruzkoa edota futbol munduan hedatzen ari den biolentzia giroaren ingurukoa. Lehenengoan, Joan Mari Torrealdai euskaltzain ezaguna izan zen protagonista. Bigarrenean, Julen Escalero futbol epaile gaztea.

Testigantza horiek guztiak eta gehiago ikusi ahal izango dira 'Ur Handitan' saioaren denboraldi honetako azken atalean.

Sasoiko azken 'Ur Handitan' gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.