Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Sexu-erasoen inguruko saioa, gaur gauean, 'Ur Handitan'

EiTB

Sexu-erasoen biktimen eta egoera hauetan lan egiten duten psikologo, abokatu eta auzitegi-medikuen testigantzak bilduko ditu Xabier Madariagak.

0:24

Sexu-eraso salaketak eguneroko kontu bilakatu dira azken urteotan. Besteak beste, jende asko elkartzen den festa askoren ostean entzuten ditugu halako albisteak, eta kasu horien atzean dauden bizipen pertsonalak ezagutuko ditu gaurko 'Ur Handitan'.

Saioaren protagonistak Maria eta Iratxe izango dira. Ez dira euren benetako izenekin aurkeztu, ez dutelako euren identitatea ezagutzera eman nahi. Jai jendetsuetan bortxatu zituzten biak: herriko mutil batek bortxatu zuen bata eta lagun baten lehengusuak bestea. Biek jarri zuten salaketa eta biek sufritu behar izan dute kaleko epaiketa.

Juana Mari Azkarate eraso sexistak bizitako nesken psikologoa da, eta Josean Etxauri erasotzaileena; horien profilak ezagutu dituzte biekin. Neskek izaten dituzten beldur eta zalantzak, bortxaketa batek sortzen duen ezinegona eta kaleko epaiketak duen eragina, eta mutilek eginikoaren aurrean duten jarrera.

Bea Ilardia abokatuak erasoak jasan dituzten emakumeen kasuak ere eraman ditu. Gizartean gaiarekiko kontzientziazio gehiago nabaritu arren, sistema judizialean dauden gabeziak azpimarratuko ditu bereziki. Abokatu zein emakume bezala, gaiaren inguruko ikuspegi globala emango du.

Lourdes Goenaga auzitegiko medikuak sexu-erasoak eta bortxaketak izan dituzten hainbat emakume artatzen ditu urtero. Goenagaren esanetan, "azken urteotan erasoak izan dituzten emakumeen profila aldatu egin da". Festa giroan izaten dira eraso gehien, eta eraso horiek ahalik eta azkarren salatzearen garrantzia nabarmenduko du astearteko saioan.

Bortxaketak dira salaketa gehienen iturri, baina horiez gain sexu-eraso gehiago ere egoten dira eta halako esperientzia gehiago izan dituzten Hernaniko kuadrilla batekin izan gara. Etxera bidean izaten dituzten beldurrak, festa giroan sortzen diren egoerak eta halakoen aurrean gainerakoek ematen duten erantzuna ezagutu dugu neska gazte hauen bizipenen bitartez.

'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista