Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

ETB1, 22:30

Neurri estandarretatik kanpo daudenen egunerokotasuna, gaurko 'Ur Handitan' saioan

A.A.| EiTB

Handia filmaren hariari tiraka, Iñaki Zubizarretaren eta Lara Asensioren errealitatea ezagutuko dute Handiak izeneko erreportajean.

0:21

Ohiko neurrietatik kanpo dauden pertsonen errealitatea erakutsiko du gaur gauean 'Ur Handitan' saioak. Horrekin batera, Handia filmaren atzean dauden hainbat kontu kontatzeko ere baliatuko dute ETB1en eta eitb.eus-en 22:30ean hasiko den saioa.

Handia filmak erraldoi baten istorioa kontatzen du, Altzoko handiarena. Ohikoa baino altuagoa izateak, ezberdina izateak, eragindako zailtasunak agerian uzten ditu bertan. Badira gizarteko neurri estandarren barnean ez egotearen ondorioak, gaur egun, egunero jasaten dituzten pertsonak.

Iñaki Zubizarretak, adibidez, 11 urterekin 1,90 metro neurtzen zuen. Eta hura bere bizitzako garairik latzenetakoa izan zen. Ez, agian, latzena, bi anaia galdu baitzituen egun berean, pittin bat lehenago. Ikastolara joatea amesgaizto bilakatu zen, burlak etengabeak baitziren. Behin mutil bat komunera joan zen, kaka egin zuen eta lagun talde hartako lagunek Iñakiren burua sartu zuten bertan. Egun hartan bere bizitzan inflexio puntua etorri zen. Galeara joan zen, bere buruaz beste egiteko asmoarekin, baina hara iritsitakoan, atzera egin zuen eta bizitzea erabaki. Altuera arazo bat zen orduan, baina gerora abantaila bilakatu zen, saskibaloi jokalari profesional izan baita.

Lara Asensioren bizitza bestelakoa izan da. Berak akondroplasia du, gizartean 'enanismoa' izenez ezagunagoa. Berak gure gizartea altuera horretara egokituta ez egotea ez du traumatikoki bizi izan. Amak txikitatik esaten zion "kalean ez dituzu gauzak egokituta izango; beraz, etxean ere ez". Baina lagunak eta familia beti izan ditu ondoan. Begiradak jasan ditu eta jasaten ditu, baina horien aurrean batik bat bere alboan daudenengandik pasatzen du gaizki, horren esanetan.

Bi esperientziak oso ezberdinak dira, baina biek garbi dute euren gorputzak diren moduan maite dituztela eta euren buruak onartuta zoriontsu izatea lortu dutela.

Eneko Sagardoy Handia filmeko protagonista izango da beste elkarrizketatuetako bat. Durangarrak, Handiaren mitoaz hitz egiteaz gain, atzean ezkutatzen den pertsona eta haren papera nola prestatu duen azaldu digu. Gainera, Altzo herrian izan dira filmaren zuzendari diren Aitor Arregirekin eta Jon Garañorekin, Handiaren inguruko sekretuez mintzatzen.