Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

'Jaioberrien arrasto galduak', gaur, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Falta dituzten haurren bila dabiltzanen testigantzak jasoko ditu aste honetako saioak.

0:23

Jaioberrien arrasto galduak eskainiko du gaur 'Ur Handitan' saioak. Duela bost bat urte, 'haur lapurtuen' afera pil-pilean egon zen Euskal Herriko hedabideetan. Trama hitza denen ahotan zegoen, politikarienetan barne. Hori dela eta, 2012an Eusko Legebiltzarrak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek batzorde bana sortu zuten ustezko haur lapurtuen kasuak ikertzeko; hala ere, ez zen ondorio argirik atera. Denbora pasatu ahala, salatutako kasuak ahaztu egin ziren. Kasu gehienak itxi egin dira froga faltagatik. Hala ere, familia askok bila jarraitzen dute.

Andone Elizondo errenteriarrak auto istripua izan zuen 1983an, haurdun zegoela. Zazpi hilabeteko umea ospitaleko larrialdietan jaio zen. Haurra ondo zegoela esan zioten hasieran, baina, handik gutxira, hil egin zela esan zioten. Bi urte geroago, istripuaren inguruko epaiketan, abortua izan zuela irakurri zuen agirietan. Polloeko hilerrira joan ziren gorpuaren bila, baina han ez zegoen umearen arrastorik.

Marian Zubia Oriokoa da, eta oraindik ez daki zeintzuk diren bere guraso biologikoak. Adopzioko gurasoak hil arte itxaron zuen bilaketa hasteko, adopzioaren gaia tabu handia baitzen familian. 15 urtez luzatu da bilaketa, baina ez da erraza izan. DNA probak egin, bere adopzioko gurasoen ingurukoen testigantzak bildu eta bere jaiotzari buruzko hainbat datu eta idatzi aurkitu ondoren, berak argi du: 'haur lapurtua' da. Horren esanetan, halako ehunka kasu daude Euskadin, eta guztiak ondo antolatutako trama baten biktima direla uste du Marianek.

Mari Carmen Muniozguren markinarrak Rakel izeneko alaba izan zuen Bilboko Ginecoyatreo ospitalean 1973. urtean. Hasiera batean, osasuntsu jaio zen, baina, zortzi hilabeterekin jaio zenez, inkubagailura eraman behar zutela esan zieten. Inkubagailura eraman bai, baina ez zen inoiz itzuli. Asfixiaz hil zela esan zieten. Ez zieten gorpua erakutsi, eta klinikak berak bere kabuz antolatu zuen ehorzketa. Alaba Derioko hilerrira eraman zuten. 2011n, ordea, antzeko historia zuten beste pertsona batzuen testigantzak ikusi zituzten Mari Carmenek eta haren alaba Rakelek, eta ahizparen izen bera duen alaba gazteena kasua ikertzen hasi zen. Euren kasua irregulartasunez beteta zegoela ohartu ziren, eta epaitegian salatu zuten, baina itxi egin zuten, froga faltagatik.

Paco Etxeberria eta Luis Querejeta auzitegi-medikuek 'haur lapurtuei' buruzko batzordeetan kolaboratu zuten, eta iritzi kontrajarriak dituzte. Etxeberriak uste du ez dagoela tramarik, ezta 'haur lapurturik' ere. Querejetak, berriz, zalantza handiagoak ditu.

Jaioberrien arrastoa galdu dutenen testigantzak, beraz, 22:30ean, eitb.eus-en eta ETB1en.