Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Gazteen libertimenduaz, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

A.E.|EiTB

Euskal gazteriaz hausnartuko dute gaurko saioan, eta gazteen arazoak eta kezkak izango dituzte hizpide.

0:26

Euskal gazteriaz hausnartuko dute gaur 'Ur Handitan' saioan. Aisialdia, harremanen mundua, sexua, teknologia berriak, sare sozialak, droga kontsumoa, indarkeria... Zein paper betetzen dute hitz horiek gaur egungo gizarte lehiakor eta hiperkontsumista honetan? Zein dira gure gazteen kezkak eta arazoak? Eta gurasoenak? Badago zer hausnartu eta zer ikasi!

Mirenek eta Jonek 18 eta 19 urte dituzte, ez dute elkar ezagutzen, baina biek leku berera jo zuten laguntza psikologiko eske. Umezaroan gurasoekin ondo zeuden, baina, gutxika, harremanak okerrera egiten hasi ziren eta lagunengan babes bila hasi ziren. Egoera akademikoak ere txarrera egin zuen, eta alkoholarekin eta porroekin flirteatzen hasi ziren. Gazte askok bezala, oso nerabezaro gorabeheratsua izan zutela esan liteke.

Ane, Josu, Ekhiñe eta Manex Oñatiko Txantxiku Ikastolakoak dira. 17 urte dituzte, baina gutxi barru adin nagusikoak bihurtuko dira. Xabier Madariagarekin solasean aritu dira hainbat gairen inguruan.

Gurasoek ere badute zer esanik. Irune Maguregi lekeitiarrak 19 eta 15 urteko bi alaba ditu. Juan Irigoien, 17 eta 20 urteko bi seme-alabaren aita izateaz gain, Markinako Institutuko ikasketa burua da; beraz, oso ohituta dago nerabeen artean bizitzen.

Ainhoa Otaola Etorkintza Elkargoko mendekotasunak prebenitzeko teknikaria da. Arduraz kontsumitzeko jarraibideak eskaintzen ditu; besteak beste, kontsumo horiek ekar ditzaketen kalte eta arriskuez kontzientzia hartzea edota bakoitzak bere burua babesteko jokabideak eskuratu edo indartzea, kontsumitzeko erabakia hartzen dutenentzat.

Azken hilabeteotan, Bilbo aldean, nerabeak protagonista dituzten gertakizun oso bortitzak gertatu dira, baita hildakoak ere tartean. Duela aste gutxi, Otxarkoaga auzoko nerabe talde batek bertako bi lagun hil zituen, modu zinez ankerrean. Alvaro Perez Otxarkoagako Bizilagunen Elkarteko presidentearekin egon gara.

Bilbo aldetik Bidasoa aldera joango gara. Bertan ezagutuko ditugun gazteak helduagoak dira. 24 urte dituen Joseba Iguiñiz irundarrarekin egongo gara, besteak beste, sexuaz, sare sozialei buruz eta gauak eskaintzen dituenen inguruan hizketan. Hondarribiko zenbait kuadrillak duten lokal batera ere joango gara, bertan egiten dituztenak ezagutzeko asmoz. Bestetik, Martxel Elizondo 22 urteko gazteak inguruan berak eta adinekoek egiten duten sare sozialen erabileraz hausnartuko du.

Euskal Herriko gazteriaren erretratua, beraz, gaur, 22:30ean, eitb.eus-en eta ETB1en.