Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

'Post-baserria', gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Baserritar zein artzainen errealitatea aztertuko dute saio honetan.

0:21

Gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan, baserriaren eta artzainen orainaz eta etorkizunaz hausnarketa egingo dute hainbat gonbidatuk. Baserri mundua desagertzear dagoela diote askok. Sakrifizio handia eskatzen duen lanbidea da eta gazteek ez omen dute bizitza horrekin jarraitu nahi.

Joxe Marik 82 urte ditu eta jaio bezain laster hasi zen baserrian gurasoei laguntzen. Itxinako artzaina izan da jubilatu arte. Orozkon eman du bizitza osoa, eta han bizi da gaur egun Josefina emaztearekin. Semea ere baserrian jaio zen, eta txikitatik egon da bizitza horretan murgilduta, baina garbi izan du beti: ez zuen baserritarra izan nahi. Joxe Marik beltz ikusten du baserriaren jarraipena, baina ez du penarik hartzen. Bera, behintzat, oso zoriontsua izan da.

Lazkaoko Iztueta Azpikoa baserriko burua da Marije Insausti 62 urteko emakumea, eta behi esne, jogurt eta izozkiak ekoizten ditu alabarekin batera. Nekazaritza munduaren eremu publikoan gizonezkoek protagonismoa hartu duten arren, euren familian emakumeak izan dira baserriaren zutabe. Nekazaritza munduko gainbehera dela eta, baserriek eraberritu behar dutela dio Marijek, hartu diren neurriez gain, hori izan baita baserri batzuk desagertzearen kondena, garai berriekiko itxitasuna.

Pedro Sagarzazu 93 urteko hondarribiarra, Tximista ezizenez da ezagunagoa, hala baitu izena bere baserriak. Duela urte gutxira arte, baserriz eta soroz inguraturik bizi zen, baina azken urteetan etxebizitzak eraiki dituzte eta, berak dioen moduan, bere "lur muturra" porlan artean du orain. Baserritik kanpo ere lan egindakoa da, baina berriro jaioko balitz argi du baserrian arituko litzatekeela.

Nafarroa Behereko Ouret familia ere ezagutuko dugu. Iratiko baso inguruko tontorretan ibiltzen dira beraiek, sei hilabetez ardiekin mendian. Amodio kontuek eraman zuten Jeanine artzaintzaz bizitzera, lagunek Okabe inguruan artzain bat bizi zela esan zioten unetik alegia. Geroztik, bi seme-alaba izan ditu eta ardiekin lotura bizia du. Duela bi urte jubilatu zen arren, Estebe semeak hartu du haren lekukotza.

Baserritar zein artzainen errealitatea, gaur gauean, 22:30ean, 'Ur Handitan' saioan, ETB1en eta eitb.eus-en.