Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30etik aurrera

'Adimen handiko pertsonak', gaur gauean, ETB1eko 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Xabier Madariaga ahalmen handien inguruan dauden mitoen gainean arituko da saioan. Gaia bere sakontasunean ulertzeko, ezaugarri hau betetzen duten pertsonekin izango da.

0:22
Adimen handiko pertsonak izango ditu hizpide 'Ur Handitan' saioak abenduaren 11n

Sarri adimen handia arrakastarekin lotu izan da, baina errealitateak batzuetan kontrakoa ere izaten dela dio, eta bakardadea, ulertua ez izatea eta eskola porrota ekar ditzakeela. Xabier Madariagak aurkezten duen 'Ur Handitan' saioa ahalmen handien inguruan dauden mitoak desmuntatzen saiatuko da, eta horretarako, ezaugarri horiek dituzten pertsonengana joko du.

Koefiziente altuko seme-alabak dituzten Mungiako eta Irurako familia bik euren esperientziaz hitz egingo digute, eta euskal hezkuntza sistemak ikasle horiei ematen dien erantzuna aztertuko dute. Bestalde, Anek, Leitzako gazte unibertsitario batek, bere bizipenak kontatuko ditu, bere burua ulertu arte egin duen ibilbidea ez baita batere erraza izan.

Horrez gain, Garbiñe Badiola Aupatuz elkarteko psikologoak adimen handiko pertsona bat izateak zertan eragiten duen eta zein zailtasun ekar ditzakeen ume, gazte edota nagusi baten bizitzan azalduko ditu.

Hau guztia osatzeko, adimen handiko umeek behar duten tratu berezian aitzindaria den Donostiako ikastetxe batean ere izango da 'Ur Handitan'. Han, Iban Narbaizarekin hitz egin dugu. Ikastetxe honetako zuzendaria izateaz gain, 9 urteko adimen handiko seme baten aita ere bada.

'Ur Handitan: Adimen handiko pertsonak', gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.